Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Euskadik Fitur azokan duen standari hasiera eman dio asteazken honetan, eta bertan izan dira azokan parte hartu duten 70 enpresa inguru, agintari eta lurraldeetako ordezkariak.

Hurtadok Fiturrera jotzearen garrantzia azpimarratu du, Euskadiko sektoreko enpresa eta profesionalei laguntzeko. 2021ean “2020an baino milioi bat turista gehiago jaso zituen, abuztua eta urria bezalako hilabete batzuekin, 2019ko zifrak ere gainditu dituztelarik, eta Euskadiko turismoko profesionalen sendotasunaren eta erresistentziaren erakusgarri”.

Hala ere, egoera “zaila” izaten jarraitzen duela eta “ziurgabetasuna ezaugarri” duela onartu du. Nolanahi ere, espero du “2022an jarduera turistikoa hobetzea”.

Javier Hurtadok gogorarazi du azken bi urteak “oso gogorrak” izan direla eta “erabaki zailak” hartu dituztela. Azpimarratu duenez, “Sektorea babesteko ahalegina egin dugu, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetarako 114 milioiko Erresistentzia Plana zabalduz”. Laguntza horiei euskal ostalaritzaren sektorerako laguntza berriak gehituko zaizkie orain.

Datorren asteartean, urtarrilaren 25ean, gaueko aisialdia bereziki azpimarratuko duen laguntzen agindua aurkeztuko da, baina gainerako establezimenduen egoera kontuan hartuko duena. Gaineratu duenez, “Ahalik eta bidezkoenak eta bizkorrenak izatea bilatu behar da”.

Gainera, turismoa eta sektorea sustatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, eta zeregin horretan “abantaila bat” dagoela azpimarratu du: “Lurralde batean askotariko baliabideak izan ditzakegu, baina baita pertsona, sentimendu, ulertzeko eta bizitzeko modu ugari ere, horiek baitira aberastasuna eta erakargarritasuna ematen dutenak”.

Sailburuaren hitzetan, “Euskadi oso leku desberdinetatik etorritako milaka emakume eta gizonen lanaren gainean eratu da, hainbat jakintza eta kulturarekin, gaur egungo Euskadi osatzen duen lurralde plural, heterogeneo eta moderno bati nortasun bakarra eman diotenak”.

Hori dela eta, Futurren jarritako standak “gure memoria industriala, gabioietan eta saski metalikoetan adibidea dena, gure naturako baliabideekin, berrikuntzarekin eta iraunkortasunarekin uztartzen du”. “Gure tunel sentsorialetik bizi izango dugu Euskadi plural, iraunkor, askotariko eta moderno baten esperientzia, usainak eta soinuak, eta hori da bisitatzen gaituztenak bilatzen ari direna”, azaldu du.

Egilea Andoni Beitia