Fundiciones Inyectadas Alavesas, Fiasa enpresako (Langraiz Okako Subillabide industrialdea) enpresa-batzordeak salatu duenez, langile batek abusua eta sexu-jazarpena jasan ditu enpresako goi-kargu baten aldetik, eta zuzendaritzak jarrera “arduragabea” eta “ezkutatzailea” izan du horren aurrean.

ELAk, LABek eta UGTk osatutako enpresa-batzordeak prentsa-ohar batean azaldu duenez, kasua 2017. urtearen amaieran hasi zen konpainiako goi-kargudun bat “lankide bati sexu-abusuak egiten”. Azaldu duenez, langile horrek eraso psikologikoak eta fisikoak jasan ditu, baita “iruzkin sexistak, eduki sexualeko mezu eta audioak eta lanpostuan sexu-abusu fisikoa” ere. Kasua arlo sozialean eta penalean salatu dute, eta epaiketaren zain daude.

Sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, 2020an, langileak enpresari gertatzen ari zenaren berri eman zionean, zuzendaritzak jakinarazi zion laneko jazarpenaren aurkako protokolo bat aktibatuko zela oro har, eta “ez egoerak eskatzen zuen sexu-jazarpenaren protokolo espezifikoa”. Era berean, salatu dute enpresak hartu zuen neurri bakarra langilea lantokiz eta eginkizunez aldatzea izan zela, “Erasotzaileak bere baldintzak eta estatusa bere horretan mantendu zituen bitartean”.

Egoera horren “larritasuna” ikusita, Fiasako batzordeak eskatu du zuzendaritzak erasotzailearen “estaltzaile zereginari buruzko erantzukizunak hartzeko prozedura hastea” eta hitzarmenak ezartzen duen diziplina-araubidea aplikatzea, ezin baita onartu horrelako gertakari bat “arintasun horrekin” tratatzea.

Egilea Andoni Beitia