Euskal Autonomia Erkidegoko industria-prezioek % 1,1 egin dute gora 2021eko abenduan, aurreko hilaren aldean, EUSTATen datuen arabera. Abenduko urte arteko tasa –azken hamabi hileetako industria-prezioen aldakuntza jasotzen du– % 12,7koa da.

Analisi zehatzago batek erakusten du 2021eko abenduan prezioetan aurreko hilaren aldean hazkuntza nabarmenenak izan dituzten sektoreak honako hauek izan direla: Erauzketa-industriak (% 6,9), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 4,9) eta Industria kimikoa (% 2,0). Aitzitik, prezioetan hil arteko jaitsiera izan duten sektoreak honako hauek izan dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 1,7ko jaitsiera), Ura (% 1,0ko jaitsiera) eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta oinetakoen industria (% 0,7ko jaitsiera).

Helburu ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraikiz, prezioen aldakuntzak, aurreko hilarekin alderatuta, positiboak izan dira kasu guztietan, Kontsumo iraunkorreko ondasunen kasuan izan ezik; azken horietan, aldakuntza negatiboa izan da (% 0,2). Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen prezioak % 0,7 igo dira, eta hil arteko % 0,5eko igoera eragin dute Kontsumo-ondasunetan. Aurreko hilabetearen aldean, prezioek % 0,2 egin dute gora Ekipo-ondasunetan, % 1,2 Tarteko ondasunetan eta, azkenik, % 1,7 Energian.

Urte arteko terminoetan –2021eko abendua 2020koaren aldean–, prezioen igoerarik handienak honako adar hauetan izan dira: Kokeriak eta petrolioa fintzea (% 37,4), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 28,3) eta Metalurgia eta metalezko produktuak (% 16,4). Aitzitik, behera egin dute prezioek Ehungintzan, jantzigintzan, larrugintzan eta oinetakoetan (% 3,4) eta Garraio-materialaren fabrikazioan (% 2,3).

Helburu ekonomikoaren arabera ondasunen talde handien prezioen aldakuntza urte arteko aldian positiboa izan da horientzat guztientzat. Prezioek gora egin dute Energian (% 35,9), Tarteko Ondasunetan (% 11,2) eta Ekipoko Ondasunetan (% 1,7). Kontsumo-ondasunek, oro har, % 2,3ko hazkundea izan dute prezioetan, Kontsumo iraunkorreko ondasunen prezioak % 2,2 igo direlako eta Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen prezioak % 2,3 igo direlako.

Egilea Andoni Beitia