Cidetec Energy Storage ikerketa aplikatuko zentroak eta Elektrotekniako Laborategi Zentral Ofizialak (LCOE) akordioa sinatu dute bateriak ziurtatzeko eta homologatzeko saiakuntzak egiteko.

Cidetec Energy Storagek Gipuzkoako Elektromugikortasuneko eta Energia Biltegiratzeko Polo Mubilean kokatutako Baterietako Saiakuntzen Laborategi berri bat inauguratu zuen 2021eko otsailean. Sei milioitik gorako inbertsioa egin zuen ekipamenduan, “Ikerketa- eta garapen-proiektuen eta beste enpresa batzuen eskaera zuzenen testaketa-beharrei erantzuteko”. Orain Cidetecek eta LCOEk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute bateriak homologatu eta ziurtatzeko.

Cidetecek ohar batean adierazi duenez, akordio horren arabera, trakzio elektrikorako bateriak eta bestelako erabilerak ziurtatzeko eta homologatzeko saiakuntzak egin ahal izango dira Mobilgo instalazioetan, LCOEko teknikariekin. Azken horrek emango ditu adostasun-ziurtagiriak, edo, bestela, energia elektriko birkargagarria metatzeko sistema gisa homologatzeko saiakuntzen akta (REESS), CEPE-NBE 100.03 Erregelamenduaren arabera.

“Jarduera hau LCOEren beraren instalazioetan dauden gaitasun gehigarriekin osatzen da, estatuko eta nazioarteko industriaren eskura dagoen eskaintza integrala osatuz”, azaldu du ikerketa aplikatuko erakunde pribatuak.

Egilea Andoni Beitia