ELA sindikatua pozik agertu da ostegun honetan Gipuzkoako metalgintzan 2022rako % 6,5eko soldata-igoera sinatu delako, 2020an adostu zen bezala.

Hala, gogorarazi duenez, Gipuzkoako metalaren hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon ondoren, duela bi urte akordio bat lortu zen, “Euskal Herriko metalaren gainerako hitzarmenen aldean hobekuntza nabarmena zekarrena, taulak % 9,6ko soldata-igoerarekin eguneratu baitziren”.

ELAk adierazi duenez, gainera, “Erreformaren aurkako klausulak, ABLEen mugak, subrogazio-eskubidea eta aurrerapen garrantzitsu gehiago” txertatu ziren. Duela bi urteko akordioak KPIaren igoera bermatzen zuen indarraldiko urte bakoitzerako, eta, horregatik, 2022rako soldata-igoera % 6,5ekoa izango da.

Azkenik, lan sindikalari esker, enpresetan “Gipuzkoako metalgintzako langileek Euskal Herrian hitzarmen erreferentea” dutela azpimarratu du.

Egilea Andoni Beitia