Indicate Solutions ikerketa zentro bat da, Donostian kokatua, 2006an Biodonostia Institutuan sortua, eta Donostiako Sustapenak eta BIC Gipuzkoak biziki babestua. Hasiera batean, Charles Lawrie Indicate Solutions enpresako CEO eta Biodonosotia Institutuko Onkologia zuzendariak garatu zuen diagnostiko-teknologia bat merkaturatzeko sortu zen, CIC Biomagune eta UPV/EHUrekin lankidetzan.

Teknologia hau biriketako minbiziaren diagnostikora zuzenduta zegoen. Minbizi mota honetan (zelula ez txikien motakoa, NSCLC) ohikoa da mundu guztiari oinarrizko tratamendu bat ematea, platinoan oinarritua, eta Indicate Solutions-en datuen arabera, kasuen % 20an bakarrik funtzionatzen du. Horrelako tratamenduak oso oldarkorrak dira, eta gaixoa asko ahultzen dute; horren ondorioz, beste edozein arrazoi txikirengatik (hotzeria, gripea) hil daiteke. Horregatik, teknologia honen helburua da mutazio batzuen bidez (biomarkatzaileak) zer minbizi mota den identifikatzea, ahalik eta tratamendu egokiena eman ahal izateko.

Teknologia horren garapenean murgilduta, 2020an COVID-19a agertu zen, eta hori talka bat izan zen enpresarentzat: nire ustez, enpresa bioteknologikoen % 90i birplantearazi zigun nola egokitu genezakeen gure diagnostiko-teknologia birus hori detektatzeko, REPViT projektua sorraraziz, Javier Zubiria Indicate Solutions-eko operazioen zuzendariak adierazi duenez. Bi teknologien arteko desberdintasun nagusia da, biriketako minbiziaren bilaketan, lastategi batean orratz bat bilatzen ari zirela, hau da, nukleotido bat bilatzen ari zirela 5 litro odoletan. COVID-19 gaitza detektatzeko teknologian molekula askoz handiagoa bilatzen da, aurkitzeko errazagoa. Gainera, bilaketa leku jakin batean egiten da, eztarrian, listuaren kasuan.

Une honetan, REPViT teknologia prototipatze-fasean dago, 175 listu-laginekin, eta % 95eko zehaztasuna lortu da PCRaren aldean. – Funtzionamendua oso erraza da. Termometro batekin konpara dezakegu. Termometroa kristalezko ontzi bat duen merkurio-likido bat besterik ez da, tenperaturaren arabera igo edo jaitsi egiten dena. Gure teknologia urrezko nanopartikulen gatz-soluzio bat da, eta tu eta astintzen duzunean, kolorez aldatzen bada eta garden bihurtzen bada, positiboa zarela esan nahi du, PCRaren zehaztasunarekin dena, zehaztu du Javier Zubiriak.

Etorkizunari begira, Indicate Solutionsek interes handia jaso du nazioarteko merkatuaren aldetik. Erresuma Batuan enpresa bat eratu du, bere teknologia merkatu britainiarrean merkaturatzeko, eta, aldi berean, Shanghain sukurtsal bat sortzeko akordioa sinatu du, tokiko erakunde batekin batera, bi teknologiak garatzeko eta, horrela, Txinako merkatuan sartzeko. Nazioartekotzeko bi proiektu horiek SPRIren hainbat programaren laguntzarekin gauzatu dira, hala nola Hazitek, Medtech ekimena eta abar.

Egilea Andoni Beitia