MAIALEN MUSATADI / 2020-02-10/ CIC energiGUNE energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzeko ikerketa zentroak ThermLab ekimena jarri du martxan, euskal industriak analisi eta testatze termikoko azpiegitura aurreratua eta arlo horretan mundu mailan puntakoa den ikerlari taldearen lankidetza zuzenean izateko.

Helburua da enpresek beren lehiakortasuna hobetzea, euren produktuetan eta industriako prozesuetan kudeaketa termikoko kontzeptu berritzaileak ezartzearen abantailei esker. Alkargo, Cegasa, Ferchau, Gamesa Electric, Giroa, Iberdola, Idom, Ingeteam edo Zigor enpresek interesa erakutsi dute jada ekimenaren aurrean, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko Sailak Industria Zuzendaritzaren bitartez finantzatutako ThermLab proiektuak, kudeaketa termiko eskasak eragindako arazo nagusiei, batez ere prestazio teknikoen murrizketari eta produktuen bizitza baliagarriari, aurre egiteko tresna eraginkorra bihurtu nahi du. Era berean, material eta teknologia berriak zaintzeko eta esperimentatzeko antena bat jarri nahi du euskal industriaren zerbitzura, aurkikuntza zientifiko berrietan oinarritutako berrikuntza areagotua lortzeko, modu seguruan eta ingurune erraztasunak ematen dituen ingurunean.

Horrela, enpresek ezagutza disruptiboa integratu eta kudeaketa termikorako teknologia aurreratua balioztatu ahal izango dute, industriaren ikuspegitik garrantzitsua den eskalan egindako saiakuntzen bidez, merkaturatu daitezkeen garapenetan behin betiko txertatu aurretik. Gainera, ThermLabek atea irekitzen dio bero-soberakinaren aprobetxamenduari. Hori  energia iturri garrantzitsu gisa kudea daiteke eskariaren arabera erabiltzeko, eta ekoizpen prozesuaren ingurumen arloko inpaktua murrizten ere laguntzen du, kudeaketa eraginkorrak kostuak eta C02 isurketak murrizten baititu.

Mota horretako ekintzak aplikatzearen garrantzia maila globaleko garapen-aurreikuspenek abalatzen dute. Iazko Research & Markets erakundearen txostenaren arabera, 2024an kudeaketa termikorako teknologien merkatua 15.86 bilioi dolarrera iritsiko dela aurreikusten da.

Zehatzago esanez, kudeaketa termikoa hainbat sektoretan konpondu beharreko faktore kritikoa da. Sektore horien artean daude etxeko eta industriako kontsumorako beroaren ekoizpena, bateriak kudeatzeko sistema termikoak, eskala handiko biltegiratze termikoko sistemak, ibilgailu elektrikoak termikaren ikuspegitik egokitzeko sistemak, potentzia-elektronikako bihurgailuak hozteko sistemak, bihurgailuak eta koadro elektrikoak hozteko sistemak, transformadoreak eta transformazio-zentroak, energia berriztagarrietarako, eolikorako eta fotovoltaikorako, hozteko sistemak, makina termiko industrialak eta bero-ponpak, eta espezializazio arloen arteko hibridazioa.

Horrela, kudeaketa termiko aurreratuaren potentzialtasunetako batzuen garapena dagoeneko abian jarri da CIC energiGUNEren lankidetzarekin Iresenen (Maroko) garatutako planta pilotu amaitu berria bezalako proiektuetan. Planta horrek 1MW gorde ditzake egunez, eskari handieneko gaueko aldietan kontsumitzeko, 130 MWh energia astean.

Avatar

Egilea Andoni Beitia