Izara zaharrak birziklatu eta jantzi bihurtzen dituzte

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak eta Ternua Groupek, Belda Lloréns eta Gureak erakundeen laguntzarekin, Wearcycle programa jarri dute abian, ekonomia zirkularreko proiektu bat, non Gureak elkarteko Ikuztegia ikuztegi industrialeko ehun-hondakinak birziklatzen diren arropa berriak sortzeko.

Lehenengo etapan, hoteleko kotoizko bi tona izara zuri berreskuratu dira eta 18 jantzi egin dira (hamaika Loreak Mendian eta zazpi Ternua), otsailetik aurrera ohiko saltokietan eskuragarri egongo direnak.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Edu Uribesalgo Ternua Groupeko Berrikuntzako zuzendariak eta Francisco Mataix Belda Llorenseko zuzendari exekutiboak aurkeztu dute ostiral honetan Donostian proiektu hau, “Bestela zabortegian amaituko luketen garbitegi industrialetako ehun-hondakinekin kalitatezko jantziak sor daitezkeela” erakusten duena.

Azaldu dutenez, Wearcyclek “bere bizi-zikloaren amaierara iritsi diren ehungintzako produktuak biltzen ditu, hondakin horietatik abiatuta hari berri bat ekoizteko”. Proiektu honen bidez, hondatutako bi tona ehun birziklatu dira, zehazki, hoteleko kotoizko izarak.

Garbiketa prozesua Gureak Ikuztegiko garbitegian egin da, Oiartzunen. Alacanteko Belda Lloréns enpresak, bestalde, Ternua Groupek gizonentzako eta emakumeentzako kamisetak eta jertseak egiteko erabili duen hari bat egin du: ” % 50 kotoi birziklatua eta % 50 kotoi organikoa, oso erresistentea eta jasangarria”. Guztira, 18 jantzi sortu ditu (11 Loreak Mendian eta 7 Ternua) eta otsailetik aurrera egongo dira eskuragarri ohiko saltokietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 30.000 eurorekin lagundu du proiektu honetan. Proiektu horrek “ekoizpen-eredua aldatzea” proposatzen du, eta “tokiko ekonomiarentzat bultzada” da.