Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak Euskal Enplegu Sistemaren lege-proiektua egiteko prozesuari ekin dio. Araudi horren arabera, Legebiltzarrera bidaliko da, urtea amaitu baino lehen izapidetzeko.

Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburuak prozedura honi hasiera ematen dion agindua sinatu du, eta lehenengo urratsa kontsulta publikoaren izapidea irekitzea izango da, hainbat erakunde eta pertsonaren iritziak ezagutzeko.

Mendiak zuzentzen duen sailak gogorarazi duenez, Euskadin enplegua arautuko duen lehen legea da, 2010ean enplegu-politika aktiboen eskumenak bere gain hartu zituenetik eta ondoren Lanbide sortu zenetik.

2021eko apirilean onartutako 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren proiektu nagusietako bat Euskal Enplegu Sistemaren Lege bat onartzea da, “Euskadik behar dituen kalitateko enplegu-politika aktiboak planifikatu eta garatzea ahalbidetuko duten egiturak eta tresnak arautu eta antolatuko dituena”.

Legeak zerbitzuen zorroa eta politika aktiboetarako eskubide subjektiboa definituko ditu aurreikusitako eskumen-esparruaren barruan, eta Lanbide enplegu-sistemaren tresna publiko nagusi gisa kokatuko du.

Egilea Andoni Beitia