Zenón Vázquez (Elkargi): “Hazi egin behar dugu jasangarri izateko”

Dagoeneko 42 urteko ibilbidea duen Elkargiko zuzendari nagusiak hizpide hartu du erakundearen konpromisoa, zeinak pandemiaren okerrenean ia mila milioi euro bermatu baitzituen Euskadin 9.000 proiektu finantzatzeko.

Elkargi Euskadiko enpresa eragile garrantzitsuenetako bat da; ez da banku bat, baizik eta finantza-erakunde bat, duela 42 urtetik ari dena enpresentzako balioa sortzen. Gaur egun 22.250 bazkide ditu, eta pandemian zehar, bereziki eztandaren hasierako hilabete haietan, ia 1.000 milioi euroko finantzaketa eman zien 9.000tik gora enpresa proiekturi, horri esker 150.000 enplegu mantendu zirelarik. Ziurgabetasun garai honen erdian, Elkargiko zuzendari nagusi Zenón Vázquez euskal enpresa-sarearen egoeraz mintzatu da SPRI Taldearentzat, eta aztergai hartu du Estatuko Elkarrekiko Berme Sozietate handienak aurrez aurre daukan eszenatokia.

Enpresa-ikuspegitik eta gogoan izanik 2021a ziurgabetasunak markatu zuela, zure ustez datorren ekitaldi hau ere ezegonkorra izango da?

Ziurgabetasun handiarekin jarraitu beharko dugu beharbada, pandemia oraindik ez dagoelako guztiz gaindituta eta horri beste hainbat aldagai gehitu zaizkiolako, hala nola hornikuntza arazoak, lehengaien eta energiaren prezioen igoerak, inflazioa… Eta ezin ahaztu gori-gori dauden arazo geopolitikoak. Ez dakit ekaitz perfektu moduko bat ote den egiturazko eraldaketa handiak ekarri dituen garai batean, baina antz handia du behintzat. Momentuz, esango nuke ez dugula beste erremediorik ziurgabetasun globalaren aterkipean lanean jarraitu baino.

Eta eszenatoki ziurgabe horren erdian, zer da kezkagarriena euskal enpresa-sarearentzat?

Gu enpresarien zerbitzura gaude, eta haien kezka nagusia epe laburrean egoten da gehienetan, berehalako erantzun bat eman behar dietelako testuinguru aldakor honek dakartzan arazoei. Ez dugu ahaztu behar gure enpresa-sarea errealitate desberdinetako ETEek osatzen dutela nagusiki. Euren mugak dituzte, eta guk euren ondoan egon behar dugu. Eraldaketa handiak egiten lagundu behar diegu.

Eguneroko larrialdiek ez dute laguntzen epe ertaineko eta luzeko ikuspegia izaten. Nola konpontzen duzue premia hori Elkargin?

Esan bezala, ziurgabetasuna kudeatzea oso garrantzitsua da. Industriak pisu handia du gure enpresa-sarean, eta gaur egun oso kolpatuta dago, bai energiaren prezio izugarri garestiagatik eta baita ere epe luzera lehiatzeko zailtasunengatik. Horregatik, inoiz baino ahalegin handiagoa egin behar da epe luzera ere begiratzeko, nahiz eta ez den beti erraza, eguneroko gorabeherek ez digutelako uzten.

Pandemia bete-betean, 2020ko uda aldean, mila milioi euro jarri zenituzten euskal enpresa-sarearen esku, eta horiekin 9.000 proiektu finantzatzen lagundu zenuten. Finantzen logikak dio datozen hilabeteetan diru hori jasotzen hasi beharko zenuketela, baina baliteke testuinguruak ez laguntzea.  Pentsatu duzue maileguen gabezia-aldia atzeratzea edo egokitzea mailegu horiek jaso zituzten enpresen altxortegietan arazo handiagorik ez sortzeko?

Iaz ildo hori lantzen jardun genuen Eusko Jaurlaritzarekin batera; gabezia-aldiak eta COVID programak luzatu genituen, urtebeteko gabezia-aldia eta bost urteko epemuga zutelako.  Bizi dugun garaira eta testuingurura moldatze aldera, baldintzak aldatu egin ziren, hala, mailegudunei bi urteko gabezia-aldia eman genien –oraindik ez da bukatu- eta zortzi urteko epemuga. Testuinguru aldakor honen aurrean, finantza arloko balizko zailtasunei aurrea hartzen ari gara gaur egun.

Iraganeko jarduera batzuk kontuan hartuta (2008an Lehman Brothers-en krisia, pandemia, halako inpaktu publikorik izan ez duten beste hainbat krisialdi), uste duzu salbamendu-ontzi moduko bat zaretela enpresentzat eta zuengana jotzen dutela soilik une okerrenetan?

Ez. Ezetz esango nuke, baina hala bada, eta enpresek salbamendu-ontzi gisa ikusten bagaituzte, horrek esan nahi du gauzak gaizki egiten ari garela. Elkargi laguntzeko dago, eta horretan ari gara duela 42 urtetik; ETE, autonomo eta enpresa handiei laguntzen diegu etorkizunari berme guztiekin eta finantza-egitura sendoago batekin aurre egiten. Krisiak izan ditugu, eta izango ditugu gehiago ere. Baina gure helburua berdina izango da hemendik aurrera ere: euren ondoan egotea eta euren finantza-egitura sendotzen laguntzea. Horregatik, uste dut akats bat dela krisi uneetan soilik jotzea guregana. Benetan uste dut ekarpen handiak egin diezazkiekegula beste momentu batzuetan, izan prestakuntzan, kudeaketan edo izan aholkularitzan. Mezu hori helarazi nahi genieke enpresei.

Finantza-erakunde bat zarete, baina ez banku bat… Zerk bereizten zaituzte banka tradizionaletik?

Lehen desberdintasuna izango litzateke enpresak eurak direla  jabeak. Azken finean, gure kapital soziala bazkide ditugun 22.500dik gora enpresa horiek osatzen dute nagusiki. Irabazi asmorik gabeko finantza-erakunde bat gara, Espainiako Bankuak erregulatzen duena, eta horregatik beti esaten dugu finantzen arloan egiten dugula lan, baina baloreetan oinarrituta…

Zer esan nahi duzu?

Uste dugu agian finantza arloari ez zaiola eman merezi zuen garrantzia. Baliteke euskal enpresaren idiosinkrasia bereziak eragina izatea horretan: oso industriala da, eta oso lotua dago produktuarekin, produkzioarekin eta ingeniaritzarekin. Alderdi horiek oinarrizkoak dira, jakina, baina beharbada funtzio finantzarioak ez du izan merezi zuen aitortzarik. Zentzu horretan, gure ustez enpresa bat ez da jasangarri izango etorkizunean ez bada ekonomikoki jasangarria, eta horretarako, ezin dugu finantzak kudeatzen jarraitu duela 20 urte bezala.

Elkargik zergatik ez du COVID kreditu gehiago kudeatu orain arte? Euskadin ez dagoelako behar beste proiektu?

Beti izan dugu gizarte ekintzaile bat. Iaz ehun ekintzaile baino gehiago finantzatu eta babestu genituen, beraz, proiektuak izan badira. Gainera, gure formalizazio-bolumena (edozein enpresarentzat salmenta-zifra litzatekeena) ia % 50 handitu da azken hiru urteetan. Beraz, horrek esan nahi du proiektuak izan badirela, eta gu hortxe gaudela enpresak babesteko proiektu ekintzaileekin eta hazten lagunduko dieten negozio-ildo berriekin. Orain badugu % 0-ko tasak dituen produktu bat, komisiorik gabea, ekintzaileei eta industriaren hazkundeari bideratua dagoena. Hazten lagundu nahi diogu sare osoari.

Tamaina lehiakortasun-faktore modura…

Hori da! Uste dut horixe dela Euskadin daukagun erronka handienetako bat, tamainarena. Gure enpresak handitu behar ditugu, batik bat enpresa industrialak. Kasu honetan, tamaina garrantzitsua da, eta epe labur eta ertainean lan asko daukagu egiteko, hori bai, gure bidetik desbideratu gabe eta finantzen arloa ahaztu gabe.

Etorkizunean Elkargik egoitza propioa izango du Madrilen?

Hemengoak gara, hemen daukagu egoitza eta horrek berdin jarraituko du. Beste kontu bat da, Elkargi bezala, guk ere hazi egin behar dugula jasangarri izateko eta enpresa gehiagori laguntzeko. Enpresen ondoan egon nahi badugu beste 20, 30 edo 40 urtez, guretzat ere garrantzitsua da haztea. Duela bost urte hazteko aukera aztertu genuen ordezkaritza bat irekiz Madrilen, eta lehen urteetan ez genuen ezer egin, baina iaz lehen urratsa eman genuen eta bideari ekin genion.

Eta pentsatu duzue aurrerago nazioartean zabaltzea?

Zabaldu baino gehiago, uste dut jakin behar dugula zer egiten ari diren nazioartean. Hala, parte hartze handiagoa dugu AECMen. AECM Europako EBS Elkartea da, eta bere baitan biltzen ditu Europako Elkarrekiko Berme Sozietate garrantzitsuenak. Hain zuzen, Elkargi da erakunde horretako presidenteordea, eta horri esker hurbiletik jarraitzen ditugu gurea bezalako beste erakunde batzuek Europan edo Asian garatzen dituzten ekimen berrienak. Hori oso garrantzitsua da egunean egoteko eta ikasten jarraitzeko. Neurtzen ez dena ezin da hobetu.