Euskal Herriko Unibertsitatea joan den urtean bigarren unibertsitatea izan zen spin-off enpresen sorreran Estatuan, eta 10 milioi €-tik gorako sarrerak izan zituen zerbitzuak emateko beste erakunde batzuekin izenpetutako kontratuen bidez.

Ekitaldian, Eva Ferreira errektorearekin batera, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Guillermo Quindós eta Ikerketaren arloko errektoreorde Inmaculada Arostegui egon dira. Errektorearen iritziz, “Unibertsitatetik gizartera jakintza transferitzea zeregin konplexua da, jarduera eremu zabal bat hartzen duena. Enpresekin eginiko kontratuetatik zientziaren dibulgaziora, gaur egungo unibertsitatea ezin da ulertu jarduera hori gabe.

Sektore pribatuarekiko lankidetzak unibertsitaterako baliabideak erakartzea dakar, bai eta proiektu berriak eta balio erantsi handiko enpleguak sortzen dituzten ideien bideragarritasuna babestea ere. 2021eko datuak aztertuta, UPV/EHUk emaitza bikainak izan ditu: pandemiaren bi urteek zailtasunak areagotu dituzte arlo honetan ere, baina horiek gainditzeko gai izan gara. Aurten gure jarduera akademikoa erabat normalizatzea lortzen badugu, hazkunde garai bat dugu zain transferentziaren arloan”.

Gaur-gaurkoz, UPV/EHU bigarren unibertsitatea da spin-off enpresen sorreran estatu osoan, lehen lekuan dagoen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren ondoren. Zehazki, 2021ean 12 enpresa sortu ziren, eta horien artetik, 8ren jatorria teknologia berrien ustiapenen arloan diharduten ikertaldeetan dugu. Gorantz doan lerro batean, UPV/EHUk 10 enpresa sortu zituen, 2019an; 11, 2020an, eta, 12, azken ekitaldian, hots, 2021ean.

2021ean euskal unibertsitate publikoak 103 patente eskatu zituen, 1.000 patenteen marka gaindituta eta urteko ekoizpena hiruz biderkatuta bost urtetan baino ez. Azken hiru urteetako historikoari erreparatuta, UPV/EHUk 92 patente sortu zituen 2019an, 78 2020an, eta 103 2021ean. Ustiapen lizentziei dagokienez, euskal unibertsitateak 10ez biderkatu ditu unibertsitateko teknologiak enpresetan ustiatzeko lizentziak, eta azken hiru urteetan goranzko joera izan du, 15, 18 eta 27 lizentziarekin, hurrenez hurren. Gogoratu behar dugu patenteak teknologia jakin batzuen babes juridikoak direla, eta lizentziak, berriz, akordioak direla eta horien bidez unibertsitateak bere teknologiaren bat merkatuan erabiltzeko eskubideak ematen dizkiola enpresa bati. Gaur egun, unibertsitatearen teknologien % 34 enpresei transferitu zaizkie, merkatuan ustiatzeko eta aberastasuna eta aurrerabidea sortzeko: 92 teknologia, zorroan transferitzeko dauden 270en artetik.

UPV/EHUn fakturazio bidezko sarreren zenbatekoak gero eta handiagoak dira. Urtearen amaieran, fakturazioa 10 milioi € ingurukoa zen, eta erakunde, elkarte eta enpresekin sinatutako 1.300 kontratuen langa gaindituta zegoen. Horrela, urteko kopurua bikoiztu egiten da, duela bost urtekoarekin alderatzen badugu. 2019an, 1.251 kontratu hitzartu ziren; hurrengo urtean, 1.166, eta 2021ean, 1.300. Nabarmendu behar dugu ere gaur egun 30 unibertsitate-enpresa ikasgela daudela, 2015ean martxan zeudenak halako hiru.

emaitza hauek nabarmentzen dira: 1) Berreskurapen eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2021ean, Berrikuntzaren Estatuko Agentziak bi deialdi berezi egin zituen enpresekiko transferentzia eta lankidetza proiektuak finantzatzeko, eta UPV/EHUk 1,5 milioi € inguru eskuratu zituen, edo transferentzia proiektuetarako estatuko aurrekontuaren % 1,5en baliokidea; 2) Lankidetza proiektuak finantzatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Elkartek deialdian, UPV/EHUk 45 proiektutan parte hartu zuen, eta 3,5 milioi € eskuratu zituen, 2021ean.

2021ean, transferentzia sustatzeko eta kudeatzeko UPV/EHUko taldeek Europako 4 proiektutan hartu dute parte: TETRIS, Europako eta Latinoamerikako beste 11 unibertsitaterekin batera, transferentziako jardunbide egokiak trukatzeko helburuarekin; l2l, Europako beste 5 unibertsitaterekin batera, ekintzailetza bidezko transferentzia lantzeko; ENLIGHT RISE, ikerketari eta transferentziari lotutako lan paketeetan parte hartuz; eta, ENLIGHT Erasmus +, unibertsitatearen eta beren lurraldeko eragile publiko eta pribatuen eta eragin esparruen arteko elkarrekintza sustatzeari begira. Era berean, 2021ean, transferentzian espezializatutako UPV/EHUko taldeak Europako proiektu proposamen baten prestakuntzan parte hartu du, unibertsitateko ikertalde baten gidaritzapean. SUPREN taldearen CATART proiektuari buruz ari gara, eta dagoeneko 3,2 milioi € jaso ditu EIC Pathfinder deialdian.

Unibertsitatearen jakintza gizarteari transferentziaren beste esparru bat, garrantzi handikoa ere, zientzia dibulgazioa da. UPV/EHUn ezin konta ahala ekimen egiten dira arlo horretan, baina esanguratsuak izan daitezkeenen artean, honako hauek aipa ditzakegu: euskal unibertsitate publikoa une honetan zientzia dibulgazioko edukien banatzaile nagusia da The Conversation plataforman, eta 2021ean guztira 2.050.000 irakurketa lortu ditu; era berean, Zientzia Astea antolatzen jarraitzen du; bertan, 2017. urtean 53.000 pertsona erakarri zituen haren jarduera eta erakusketetara eta, pandemiaren garai honetan ere, jarduera maila oso onari eustea lortu du. Horrez gain, ikertzaileen Europako Gauak 2021eko edizioan 3.400 pertsonaren interesa piztu zuen (1.400 pertsona modu presentzialean joan ziren). Bestalde, ekitaldi berean, Komunikazio Bulegoak 682 informazio ekintza jarri zituen martxan, eta 12.292 inpaktu izan zituen idatzizko eta ikus-entzunezko hedabideetan eta 26.913 online euskarrietan.

Egilea Andoni Beitia