Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Osasun sailburuaren beste agindu bat argitaratuko du bihar, ostirala. Agindu horrek indarrik gabe utziko du azaroaren 17koa, egun horretatik aurrera gaueko aisialdirako eta 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetarako Europar Batasunaren Euskadiko Covid Digital Ziurtagiriaren eskakizuna ezartzen zuena.

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Sailak azaldu duenez, “Pandemiaren egungo bilakaera epidemiologiko eta sanitarioak, baina, bereziki, Lehendakariaren abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuaren indarraldia amaitu berri denez (EAEANren ezezkoaren ondoren covid ziurtagiria eskatzeko guneak zabaltzeari buruzkoa), koherentea da aurreko agindua indarrik gabe uztea”.

Osasun Sailetik, nolanahi ere, “Prebentziorako eta autobabeserako neurrien zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioak betetzen” jarraitu behar dela errepikatu dute.

Ildo horretan, herritarrei laguntzeko deia egin die, “Norbanakoaren erantzukizuna lehen mailako bermea dela sinetsita, kutsaduraren hedapena saihesteko”.

Azkenik, gogorarazi du, nahiz eta ostiraletik aurrera ez den beharrezkoa izango EBko Covid Digital Ziurtagiria eskatzea Euskadiko ezein establezimendutan sartzeko, dokumentu horrek indarrean jarraitzen duela Europar Batasunean “zirkulazio askea eta bidaiak errazteko”.

Egilea Andoni Beitia