Euskal industri jarduera % 10,3 hazi da 2021ean

2021. urte osoan, Euskal AEko industria-jarduera % 10,3 hazi da 2020. urtearen aldean, Eustatek landutako datuen arabera.

Industria-produkzioa hazi egin da 2021ean industria-sektore handi guztietan. Urteko igoera metatua % 12,7koa izan da ekipamendu-ondasunetan, % 10,6koa bitarteko ondasunetan eta % 0,3koa energian. Kontsumo-ondasunek, bestalde, % 11,9ko igoera metatuarekin itxi dute urtea; kontsumo-ondasun iraunkorren kasuan igoera % 33,0ko izan da, eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorren kasuan % 7,4koa.

2021eko balantzea positiboa izan da hiru lurralde historikoentzat. Gipuzkoan igo da gehien industria-produkzioa 2021. urte osoan, indizearen % 12,8ko igoera metatuarekin. Ondoren Bizkaia dago, % 9,1eko aldakuntza positibo metatuarekin. Araban, azkenik, 2021. urtean metatutako igoera % 7,9koa izan da.

2021eko abenduan, Euskal AEko industria-produkzioa 2020ko hil berean ikusitakoa baino % 7,9 handiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan. Halaber, 2021eko abendua izan da hamargarren hilabetea jarraian tasa positiboekin.

2021eko abenduko indizearen bilakaera positiboa izan da, 2020ko abenduaren aldean, industria-sektore handi guztietan. Ekipo-ondasunak % 16,3 igo dira, energia % 14,9, eta bitarteko ondasunek urtetik urtera % 0,4 egin dute gora. Kontsumo-ondasunak, oro har, % 8,1 igo dira, kontsumo-ondasun iraunkorren ( % 14,7ko igoera) eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorren (% 6,8ko gorakada) eraginez.

Euskal AEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, 2021eko abenduan urtetik urterako portaera onena honako hauek izan dute: energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 20,7ko igoera), makineria eta ekipamendua (% 14,8ko igoera) eta garraio-materiala (% 13,3ko igoera). Aitzitik, jaitsierarik pisu handieneko sektore hauek izan dituzte jaitsierarik handienak: kautxua eta plastikoak (% 10,5), material eta ekipamendu elektrikoa (% 7,0) eta zura, papera eta arte grafikoak (% 0,3).

Lurralde historikoka, abenduko industria-produkzioaren indizeak urtetik urtera bilakaera positiboa izan du hiru lurralde historikoetan: Gipuzkoan % 10,9ko igoera izan da 2020ko abenduaren aldean, Araban % 6,0koa eta, azkenik, Bizkaian % 5,6koa.