Eustaten datuen arabera, 2021eko balantzean txikizkako merkataritzaren salmentak % 3,6 gehitu dira aurreko urtearen aldean, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan eta prezio konstanteetan. Hornitegiak alde batera utzita, urteko salmenta metatuak % 3,3 hazi dira termino berberetan.

2021eko metatuan, elikadurak % 3,2 egin du behera, eta gainerako produktuen merkataritzak, berriz, portaera positiboa izan du, % 9,8 hazi baita aurreko urte osoarekin alderatuta. Automobilgintzarako erregaiaren salmentak, bestalde, % 8,2ko hazkundea izan du.

Elikagaien txikizkako merkataritzaren barruan, 2021ean merkataritza espezializatua % 0,8 igo da 2020. urtearen aldean, eta elikadura nagusi duen merkataritza ez-espezializatua % 4,9 jaitsi da.

Gainerako produktuen txikizkako merkataritzan, 2021eko metatuan portaera positiboa izan da gehienbat. Izan ere, etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritzaren salmentak % 19,4 igo dira, pertsonen ekipamenduetan espezializatutako merkataritzarenak % 7,3 eta beste kontsumo-ondasun batzuetan espezializatutako merkataritzarenak % 5,8. Gainerako produktuetan nagusi den merkataritza ez-espezializatuaren sektorean, aldiz, salmentak % 0,1 jaitsi dira 2021 osoan, aurreko urtearen aldean.

Lurralde historikoka eta prezio konstanteetan, salmentek gora egin dute 2021ean lurralde guztietan, baina intentsitate desberdinarekin. Hala, Gipuzkoa izan da gehien igo den lurraldea, % 5,4ko hazkundearekin; ondoren Bizkaia, % 3,3ko hazkundearekin, eta, azkenik, Araba, % 1,1eko hazkundearekin.

Azkenik, Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektoreko enpleguak % 0,9 egin du gora 2021ean, aurreko urteko batez bestekoaren aldean.

2021eko laugarren hiruhilekoko datuak soilik aztertuta, Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektorean salmentak % 3,3 gehitu dira prezio konstanteetan, aurreko urteko denboraldi beraren aldean, dagozkion egutegi-ondorioak atera ondoren. Sektoreko salmentak ere, hornitegiak kontuan hartu gabe, % 3,3 igo dira urtetik urtera.

Elikagaien salmentek behera egin dute

Aurreko hiruhilekoaren aldean, salmenten indizeak hiruhilekotik hiruhilekorako 1,1eko aldakuntza positiboa izan du, prezio konstanteetan eta urtaro-eraginak kenduta.

Sektoreka, elikagaien salmentak % 1,7 jaitsi dira 2021eko laugarren hiruhilekoan, eta gainerako produktuen txikizkako merkataritzaren salmentak eta automobilgintzarako erregaiaren salmentak % 8,0 eta % 3,4 igo dira, hurrenez hurren.

Elikagaien txikizkako merkataritzaren barruan, merkataritza espezializatuak % 6,0 gora egin du urteko azken hiruhilekoan, eta elikadura nagusi duen ez-espezializatua, berriz, % 5,1 jaitsi da.

Gainerako produktuen txikizkako merkataritzak urtetik urterako portaera positiboa izan du sektore gehienetan. Pertsonen ekipamenduetan espezializatutako merkataritzan, salmentak % 17,1 igo dira, etxeko ekipamenduan espezializatutako merkataritzan % 11,1 eta kontsumo-ondasunetan espezializatutako merkataritzan % 1,2. Gainerako produktuetan nagusi den merkataritza ez-espezializatuari dagokionez, salmentek % 8,3 egin dute atzera.

Lurralde historikoei dagokienez, txikizkako merkataritzako salmenten bilakaera desberdina izan da urtetik urtera. Salmentak % 7,3 igo dira Gipuzkoan eta % 3,2 Bizkaian. Araban, ordea, 2021eko laugarren hiruhilekoan salmentak 2020ko laugarren hiruhilekoan ikusitakoak baino % 4,7 txikiagoak izan dira.

Azkenik, Euskal AEko txikizkako merkataritzaren sektorean, 2021eko laugarren hiruhilekoan, landunen kopurua % 2,9 gehitu da, aurreko urteko laugarren hiruhilekoaren aldean. 2021eko hirugarren hiruhilekoaren aldean, berriz, % 0,1 jaitsi da.

Egilea Andoni Beitia