MAIALEN MUSATADI / 2020-02-18/ Tekniker zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide dena, FluidER proiektu europarraren burua izango da; ekimen horretan sentsore adimendunak garatuko dira, hegazkineriaren sektorean bai fluido hidraulikoen bai eragingailu elektrohidraulikoen egoera denbora errealean monitorizatzeko gai direnak.

Proiektuaren helburua da aeronautikaren arloan segurtasuna hobetzea eta mantentze-lanen kostuak optimizatzea. Horretarako, Teknikerrez gain, proiektuak beste bi parte-hartzaile izango ditu: batetik, Safran Landing Systems, aeronautikarako eragingailuen eta balazten fabrikazioan aditua; eta, bestetik, Element Sevilla laborategia, sentsore guztiz integratu eta autonomoa sortzeko baldintza errealak eskainiko dituena; sentsore hori gai izango da hegazkineriako eragingailuetan erabilitako fluido hidraulikoen diagnostikoa online egiteko.

Horretarako, Teknikerrek fluido hidraulikoen parametro fisiko-kimikoak eta horien biskositatea, hezetasuna, tenperatura eta abar neurtzeko gai diren sentsoreak konbinatu nahi ditu. Kutsadura hautematen duten sentsoreekin, airea, ura edo partikulak dauden ere detektatzen baitute.

Mantentze-lan adimenduna

Fluido hidraulikoek huts egin baino lehen degradazioa hautemate aldera, proposatu den diagnostikoa bi motatako sentsoreen konbinazioan oinarrituta dago: fluido hidraulikoen parametro fisiko-kimikoak neurtzen dituztenak eta fluidoen kutsadura neurtzen dutenak.

Ekimenaren burua izateaz gain, degradatutako fluidoekin probak egiteko makina prestatuko du Teknikerrek; hala, probak modu kontrolatuan egingo dira, egun merkatuan dauden sentsoreek duten gaitasuna egiaztatzeko. Sentsore eraginkorrenak konbinatuz, algoritmoa garatuko du, adimen artifizialeko teknikak erabilita, denbora errealean eta online bai fluidoen bai eragingailuaren egoera monitorizatzeko.

Bestalde, Safran Landing Systems enpresak eragingailuen gaineko jakintzarekin egingo du ekarpena, ondo baitaki nola funtzionatzen duten, haien degradazioa eta abar; eta Element Sevilla laborategiak sentsoreak probatuko ditu bere instalazioetan, funtzionamendu errealaren simulazioa eginez.

Halaber, fluidoei lotuta ikasitakoa beste sektore batzuetan ere aplikatu ahal izango da, adibidez, energiaren sektorean, segurtasuna hobetzeko eta kostuak murrizteko.

Egilea Andoni Beitia