Yaiza Barandiaran, Aroa Ugarte, Clara Abades, Yago de la Rica eta Jon Ander Merodiok osatzen dute talde ekintzailea. MyWay Heels Shangain sorturiko proiektu ekintzailea da, LEINN formakuntza-bidaia baten ondorioz. Fundatzaileetako batek orkatila bihurritu zuen eta horretaz ikertzea erabaki zuten, mundu osoko milioika andrek pairatzen duten arazoa baita.

“Gutxiago gehiago dela” gogoraraztea gustatzen zaizue. Zer da zehazki MyWay?

MyWayHeels oinetakoen marka bat baino gehiago da. Takoiak eta sandalia lau bihurtzeko gaitasuna izateaz gain, amesteko eta pertsonek euren buruarengan sinesteko aukera eskaintzen du. Gure helburua ez da balorea metatzea, gure bezeroen artean sortzea baizik: norbaitek MyWay Heels janztean, segurtasun, erabaki eta pasioz egitea nahi dugu.

Erraza eta bikaina aldi berean; nola funtzionatzen du?

Gure mekanismoa oso erabilterraza da. Azken batean, horixe da gure helburua, ahalik eta sinple eta arinena izatea. Funtsean, atzeko pieza txiki bat biratu, takoia kendu, beste takoi batekin aldatu eta pieza berriz biratu behar da, takoia segurtasunez finkatzeko.

Hau guztia, hain garrantzitsua den erosotasuna galdu gabe.

Bai, proiektu hau takoiekin izan genituen esperientzietatik sortu zenez, takoiok eginiko kaltea ezagutzen dugu. Izan ere, urtero 100 milioi andre baino gehiago kexatzen dira takoiek eragindako lesio edo kalteengatik. Takoia zenbat eta altuagoa izan, oinek gero eta presio handiagoa jasaten dute, gorputz osoari eragiten.

Proiektua “istripu batean” sortu zela esan genezake, baina ideia eta garapena ez dira nolanahikoak izan; proiektua metodikoki baieztatua izan da.

Sortze eta prototipatze sasoian gure foku nagusiak osasuna eta erosotasuna izan dira. Zapaltze eta grabitateari buruzko hainbat ikerlan egin ditugu podologo profesional baten eskutik eta berak produktua baieztatu eta gomendatu du. Merkatua ere aztertu dugu eta mekanismo intuitibo eta erabilterraza diseinatzeko gai izan gara.

Finantzazioa eta beste laguntza batzuk negozioa martxan jartzeko eta proiektatzeko gakoak izan dituzue.

Enpresa gaztea gara eta gure energia eta denbora proiektuan inbertitzen dugu, gure pasioa baita. Esperimentazio sasoian gaude eta gure baliabideei etekin handiena ateratzen ari gara. Gogoan dugu oraindik lehenengo prototipoetarako aurrekontua eman ziguten unea, 30.000€ eskatzen zizkiguten! Guk geuk 3D inprimagailuekin egitea erabaki genuen. Orduan ez genekien nola hasi ere, eta gaur egun 7 prototipo ezberdin egin ditugu.

Pandemian zehar crowdfunding bat ireki genuen lehenbiziko inbertsio-hazia lortzeko eta hala prototipoa garatzeko.

Era berean, produktuen 250 salmenta baino gehiago lortu ditugu ‘merchandise’ MyWay Heels-en bi errondatan. Dena taldeak berak diseinatua izan da, proiektua ezagutzera emateko eta mugitzeko helburuz. Gaur egun hazteko eta fabrikatzeko finantzazio bila gabiltza.

Proiektua egonkortu eta hazteko finantzazioa. Zein egoeratan dago MyWay Heels eta zein erronka dituzue berehalako etorkizunari begira?

Bai, uneon hazten jarraitu behar dugu. Oso argi ditugu geure helburuak, baina finantza-indarra falta zaigu haietara heltzeko. Paraleloki, beste negozio-lerro batzuetan dihardugu, hala nola merkatutxoak. Bide batez, otsailaren 12an eta 13an Zorrotzaurreko ‘Espacio 600’ gunean izango gara geure marka ezagutzera emateko eta diru pixka bat irabazteko. Gure helburua lehenengo oinetako-pareak lehenbailehen ateratzea da. Badakigu jendeari gustatzen zaiola gure ideia eta baieztatua izan dela bai hemen, bai estatu mailan, bai nazioartean ere. Lan gogorra egiten ari gara geure ametsa betetzeko; alegia, MyWay Heels ahalik eta denda eta herrialde gehienean egotea.

Egilea Andoni Beitia