Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak VIVID, ardogintzaren eta mahastizantzaren inguruko proiektua defendatu du San Martin Unxen, “lurralde-garapen jasangarrirako eta zonaldera talentu gaztea erakartzeko toki ekimenen adibide onenetarikoa da, gazteei bestelako aukerak eskaini eta despopulazioaren fenomenoari aurre egiteko”.

Foru Gobernuko lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak nahiz Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek, Javier Leoz alkateak eta Emplea Fundazioaren zuzendari Jon Zamorak VIVID proiektu berria aurkeztu dute; hau da, landa-berrikuntzako laborategia, San Martin Unxeko Udalak bultzatua Nafarroako Gobernuarekin eta Emplea Fundazioarekin lankidetzan, ardoaren inguruan tokiko produktu gisa, mahastizaintzari dagokionean eta gazteen prestakuntza- eta ekintzailetza-ekimenetarako, zenbait landa-eremutan despopulazioaren fenomenoari aurre egiteko (kasu honetan, Nafarroako Erdialdean).

Aierdi kontseilariak VIVID ekimenari buruz nabarmendu du “tokiko beste aukera bat dela gazteek herri horretan bizi ahal izateaz gain, herritik ere bizi ahal izateko”; horrela- adierazi du inguruko bodegak osatzen duten ekosistematik sortutako proiektu honekin, “talentua, ekintzailetza, kooperatibismoa edo tokiko produktuaren ospea bezalako kontzeptuak San Martin Unxen marka berriari lotuta geratzen direla, landa-mundu bizi baten berrikuntzaren eta suspertzearen sinonimo gisa”.

300.000 euro Muruzabal Etxea birgaitzeko

Era berean, lehendakariordeak eta Etxebizitzako titularrak bere Departamentuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak aurten egindako 300.000 euroko inbertsioa aipatu nahi izan du, San Martin Unxeko alde zaharrean dagoen Muruzabal Etxea berreskuratu eta birgaitzeko, goiko solairuan VIVID proiektuko jarduerak egitearren. “Baina esku-hartze hori ez da soilik higiezinean zenbait erreforma egiteko izango, baizik eta argi eta garbi erakutsiko du eraikinak birgaitzeko politikak pizgarri direla tokiko ondarea berreskuratu eta espazio publikoak birsortzeko, herrian jardueraren eta bizikidetzaren egituratzaile bihur daitezen”.

Bestalde, San Martin Unxeko alkatea den Javier Leozek adierazi du VIVID “herriak izan duen proiektu ilusionagarri eta anbiziosoenetako bat dela”, eta esan du “unerik okerrenetan, ekimen harrigarrienak sortzen direla”. Aldi berean, Jon Zamorak, Emplea Fundazioaren zuzendariak, programaren garapen teknikoa gauzatuko duen erakundearenak, azpimarratu du “San Martin Unx herria despopulazioaren aurka borrokatzeko modu berezian erabakitasuna, ausardia eta adimena erakusten ari dela”.  

Aurkezpena egin ondoren, proiektuan parte hartzen duten eta laguntzaileak diren hainbat agentek eta erakundek, tartean Nafarroako Kutxa Fundazioa, Nafarroako Rural Kutxa, Mondragon Unibertsitatea, Maximo Abete eta San Martin bodegak edo Foru Gobernuko Nekazaritza eta Basogintza Zentroa, besteak beste, azalpen-saioak eta elkarrizketa-mahaiak egin dituzte VIVID berrikuntza-laborategian jasotzen diren programa ezberdinei buruz.

Modu horretan, VIVID ekintzailetza proiektuak 2022an zehar garatuko dituen zenbait alderdi jorratu dituzte; hala nola, belaunaldi-aldaketa mahastizaintzan, ardo-markak sortzeko akademia bat abian jartzea, bodegetan praktikak egiten dituzten bitartean San Martin Unxen bizi diren ikasleei bekak ematea edo mahastizaintzaren inguruan ekitaldiak eta jarduerak antolatzea edo sektorean kooperatibismoa sustatzea, kasu horretan Mondragon Unibertsitateko Lidergo, Ekintzailetza eta Berrikuntza Graduko ikasleen parte-hartzearekin.

Egilea Admin