Eustatek Euskadin emakumeak Zientzian duen presentzia aztertzeko egindako datuen arabera, bai unibertsitate-eremuan, bai I+Gn, gaur, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatze aldera, emakumeak Ingeniaritzaren adarrean duen presentzia (ikasketa maskulinizatuenetako bat) pixka bat handitu da azken hamar urteetan. Zehazki, emakumeen presentzia ehuneko 2,7 puntu hazi da Ingeniaritzan, 2010/2011 ikasturtean % 25 izatetik 2019/2020 ikasturtean % 27,7 izatera igaro baita.

Eremu horren barruan, nahiz eta nagusitasuna maskulinoa izan eta bilakaera desberdina izan den, emakumeen laurdena baino gutxiago duten ia karrera guztiak adar horretakoak baitira, emakumeak nagusi diren espezialitate batzuk nabarmentzen dira, hala nola Arkitekturaren Oinarriak (emakumeen % 57ko presentziarekin), Industria Ingeniaritza eta Produktu Garapena (% 53,1ekoarekin) edo Industria Ingeniaritza Kimikoa (% 58,3koarekin).

Zientzien adarrean parekotasun handiagoa dakusagu espezialitate batzuetan. Esate baterako, Matematikan, emakumeen ehunekoa % 48ra iristen da, eta Kimikan, berriz, % 54,2ra. Hala ere, Fisikako ikasketak gizonezkoen aukera dira nagusi oraindik ere, eta emakumeen presentzia % 27,9koa da.

Osasun-zientzietan, gradu guztiak oso feminizaturik daude, eta horietako batzuetan gora egiten ari da. Emakumeen ehunekorik handiena Erizaintzan dugu, % 84,1ekin, 2010/2011 ikasturtearen antzera. Medikuntzan, Osasun-zientzietako beste adar oso berezi eta eskatu batean, ehunekoa % 73,4koa izan da 2019/2020an, 2010/2011 ikasturteko 67,6 baino askozaz handiagoa. Odontologiak Medikuntzaren antzeko datu eta igoerak ditu, % 67,6tik % 74,2ra igoz.

Oro har, emakumeen agerpena nabarmena da graduko ikasketetan, % 55, gizonena baino ehuneko 10 puntu handiagoa. Eta unibertsitate-eremuan, graduez gain, unibertsitatean egiten diren era guztietako ikasketak barne hartzen dituena (masterrak, doktoregoak, etab.), emakumeen presentzia % 54koa da, eta gehienek (% 75,80k) osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloko ikasketak egiten dituzte, eta soilik % 17,40k egiten dituzte informazioaren eta komunikazioen teknologietan (IKT).

I+Gn lan egiten duten pertsona guztien % 38 emakumeak ziren 2020an; 2003an, % 31,3 ziren, eta 1993an, % 22.3

Euskal AEn, guztira, 31.922 pertsona ari dira I+Gn (2020); horietatik 12.103 emakumeak dira; hau da, pertsona guztien % 38. Eremu horretan enplegaturiko pertsona guztietatik, Administrazio Publikoan emakumeak % 61,51 dira; ondoren, Irakaskuntzaren sektorea dago, non ia ez baitago alderik gizonen eta emakumeen artean (azken horiek % 49,9 dira), eta, azkenik, Enpresen sektorea, zeinetan % 29,5 baino ez baitira.

Diziplina zientifikoaren arabera, Ingeniaritza da jarduera zeinetan I+Gn lan egiten duten pertsonen kopuru handiena dagoen (20.219 pertsona), guztizkoaren % 63,3; emakumeek ere gehiengoa dute hor, I+Gn lan egiten duten emakumeen % 47,1 diziplina horretan ari baitira, baina gizonen proportzioa (% 73,3) baino askozaz txikiagoa da. Halaz ere, I+Gn aritzen diren emakume guztietatik, % 23,8 Medikuntza Zientzietan ari dira, gizonen % 9,7ren aldean, eta % 15,5, berriz, Gizarte Zientzietan, I+Gn lanean ari diren gizonen % 7,8ren aldean.

Emakumeek I+Gn duten presentziaren bilakaerari dagokionez, azken urteotan nabarmen egin du gora. Horrela, 1993an % 22,3 ziren, 2003an % 31,3 eta, pixkanaka, hazten joan da, gaur egun % 37,7ra iritsi arte. I+Gn dauden emakumeen kopurua 1993ko 1.928tik 2020ko 12.103ra igo da. Ingeniaritza izan da joera-aldaketa hori gehien bultzatu duen diziplina zientifikoa, I+Gn dauden emakumeen ehunekoa bikoiztuz, % 14,1etik % 28,2ra.

Egilea Andoni Beitia