DANOBATGROUP talde industriala eraldaketa digitaleko prozesu bizian murgilduta dago. Prozesu horrek, makinen eta produkzio-sistemen produktibitatea handitzeko teknologia berriak garatzeaz gain, negozio-aukera berriak sortzea eta lantegi adimendunak eraikitzeko bidean aurrera egitea du helburu.

Horrela, makina-erremintaren fabrikatzaile honek berrikuntza-ekimen ireki bat abiarazi du tokiko eta nazioarteko startup batzuk bilatzeko, adimen artifizialeko (IA) soluzioak garatzeko, makina eta ekoizpen-sistemetatik ateratako datuak modelizatu, aztertu eta prozesatzeko.

Nerea Aranguren Danobatgroup-eko Berrikuntzako zuzendariak azaldu duenez, taldearen berrikuntza-estrategian, «Manufakturari aplikatutako IA funtsezko apustua da. Danobat, Soraluce edo Goimek bezalako gure taldeko negozioetako bezeroek konponbide pertsonalizatuak, integratuak eta konektatuak espero dituzte gugandik, eguneroko zereginak aberastu eta sinplifikatuko dituztenak. Gaur hasi dugun lankidetza-proiektu honen bidez, startupekin aliantzak sortu nahi ditugu, espiritu ekintzailea eta erronka teknologiko berriei aurre egiteko gaitasuna duten eragileak direlako.

DANOBATGROUPek, gaur egun, lanean ari den makina-parkeko datu ugari ditu. Garapen digitaleko estrategiaren barruan, erakundeak sinergiak sortu nahi ditu IAren irtenbideak ezartzeko, bezeroei balio handiagoa emateko, zerbitzu digital aitzindari eta berritzaileak sortzeko, negozio-lerro berriak sortzeko eta irtenbide digitalak garatzeko, merkatu berrietan jarduteko eta erakundearen beraren nahiz bezeroen eraginkortasuna optimizatzeko.

Hori lortzeko, Danobagroupek deialdi hau abiarazi du, dagoeneko merkatuan dauden IAren soluzio disruptibo eta berritzaileak dituzten enpresa emergenteekin lankidetzan aritzeko: startupak bilatzen dira hasierako faseetan, merkatuan edo sektorean produktu baliozkotua eta trakzioa dutenak. Gainera, dagoeneko eratuta dauden eta gutxieneko ekipo bat duten enpresak izan beharko dute.
DANOBATGROUPek soluzioak proba pilotu baten bidez kontzeptualizatzeko, garatzeko eta inplementatzeko aukera eskaintzen die startup parte-hartzaileei, erakundearen baliabideak eta azpiegiturak erabiliz.

Industria-taldeak konpentsazio ekonomikoa ere eskaintzen du, proba pilotuaren kostuak eta taldeko profesionalen taldearen eta IDEKO Fabrikazio Aurreratuan espezializatutako zentro teknologikoaren ezagutza eta esperientzia ordaintzeko.

Era berean, ekimen honek Danobatgroupen bezero eta hornitzaileen nazioarteko sarean sartzeko eta epe luzerako aliantza bat ezartzeko aukera emango die parte hartzen duten enpresei, erakundearen Berrikuntza Irekiaren ekosisteman sartzeko.

Danobatgroupen ekimena Debegesak (Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Sozietatea) eta BPTD Enpresa Elkarteak abiarazitako «make In» ekintzailetza-programaren barruan kokatzen da, ieTeam-en laguntzarekin, ieStart eremuaren bidez, startupak eta berrikuntza irekia garatzen dituena. Gainera, EIT Manufacturing-en laguntza du, Europako fabrikazio-berrikuntzako komunitaterik handiena, Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europako Institutuaren (EIT) parte dena, Europar Batasuneko erakundea. Ekimen hori, gainera, Eusko Jaurlaritzak babesten du “EIT Manufacturing Basque Hub” (ELKARTEK 3. Mota, 2021) proiektuaren bidez.

Egilea Andoni Beitia