Polymat 2012an sortutako nazioarteko ikerketa-zentro bat da, polimeroetan espezializatua dagoena eta fokua jarrita duena XXI. mendeko erronka garrantzitsu zenbaitetan, hala nola energian, osasunean eta jasangarritasunean. Ikerbasque-k eta UPV/EHU-k osatzen eta bultzatzen dute (Gipuzkoako Foru Aldundia ere bere gobernu-organoan dago), egoitzak ditu Donostian eta Bilbon, eta bertan ari dira lanean 30 nazionalitatetako 150 ikertzaile. 2022. urtean, bere hamargarren urtemugan, euskal ikerketa-zentro honek buru izaten jarraitzen du polimeroen ikerketan. Lidergo hori kimika berdean zentratuta dago orain, hau da, fosilekin inongo zerikusirik ez duten material berrien garapenean, dio Idoia Azaldeguik, Fundazioko general manager-ak.
Zein da Zentro honen xedea?
Basque Excellence Research Centres (Berc) sareko parte da, eta ikerketaren balio-kateko fase guztietan parte hartzen dugu, hasi ideiaren sorreratik eta aplikazioraino. Oinarrizko ikerketatik startup-ak abiarazteraino. Gure helburua da baita ere ikerketa merkatura helaraztea eta ezagutza transferitzea enpresetara eta gizartera. Horregatik, gure erronka garrantzitsuena da neurrira eginiko polimeroak garatzea baliabide naturalak erabiliz, material horiek askotariko aplikazioak izan ditzaten baterietan, elektronikan, inplanteetan (osasuna), pinturetan, itsasgarrietan…
Zer dira polimeroak eta zertarako balio dute?
Polimero kontzeptua grezierazko Poly eta Mers hitzetatik dator, eta “zati asko” esan nahi du, hitzez hitz. Polimeroak makromolekulak dira, kate batean zehar errepikatutako molekula txiki bat edo gehiago batuz sortzen direnak. Polimeroan errepikatzen den unitateari monomero deitzen zaio, eta polimeroak sortzeko eragiten den erreakzioari, berriz, polimerizazio-erreakzio. Har dezagun perlazko lepoko bat, adibidez. Perla horietako bakoitza monomero bat izango litzateke, eta lepoko osoa, berriz, polimeroa.
Badago polimeroen tipologia bat?
Badaude polimero sintetikoak, esaterako polietilenoa, ur botiletan edo nylon-ean aurkitzen den materiala. Eta baita ere polimero naturalak, esaterako zelulosa, artilea edo almidoia. “Mila erabilerako materialek”, hots, plastikoek (gizarteak oro har hala deitzen diete) izen txarra hartu dute azken aldian, baina ezin dugu ahaztu plastikoek izan dituzten aplikazio guztiak, zeintzuei esker urte luzetan hobetu baita egungo gizartearen bizi-kalitatea.
Zaila da bizitza pertsonala eta profesionala plastikorik gabe irudikatzea…
Ezinbestekoak dira, eta lagungarriak dira jasangarritasuna lortzeko, arinak, iraunkorrak eta funtzionalak direlako teknologia askotarako. Gainera, teknologia jasangarrietan erabiltzen dira, esaterako eguzki-xafletan edo ibilgailu elektrikoan, eta osasun arloan ere presentzia handia dute, besteak beste COVIDaren aurkako musukoetan edo biomaterialetan (inplanteak). Gure eguneroko bizitzan nonahi daude polimeroak, hainbeste produktutan daude ezen gizarte modernoan zaila baita polimerorik gabeko jarduera bat aurkitzea. Autoak, hegazkinak, bihotz artifizialak, ukipen-lenteak, telebistak, telefonoak, ordenagailuak, hozkailuak, pixoihalak, zartaginak, kirol arropak…
Polimeroaren “demonizazio” hori saihesteko, kimika berdearen aldeko apustua egin duzue. Zertan datza?
Polimero naturaletan oinarritutako biopolimeroen ekoizpena sustatzen dugu, esaterako, lignina (zuretik ateratzen den polimeroa) edo zelulosa erabiliz bilgarrietarako. Polimeroen ekonomia zirkularra ere indartzen dugu birziklapen kimikoaren bidez, hots, polimeroen berrerabilpena sustatzen duen eredu bat bultzatzen dugu, hondakinetatik balioa sortzen dugu eta ez dugu bidaltzen plastiko berreskuragarririk zabortegietara edo naturara. Hondakin plastikoak baliabide baliotsua dira, berriz erabili daitezkeelako lehengai plastiko berriak sortzeko, pieza eta produktu berriak fabrikatzeko edo energia sortzeko, birziklapena ezinezkoa denean. Kontua da plastiko-hondakinak ere baliabide bezala baloratu behar direla.
Sortu zinetenetik hamar urte igaro diren honetan, zein da zentroaren heldutasun-maila zure iritziz?
Ikerketa-zentro sendo bat gara, eta gure datuak dira horren erakusgarri. Oinarrizko ikerketa egiten dugu laborategietan (mila argitalpen baino gehiago egin ditugu), lehen postuan gaude Estatuan polimeroen zientziaren arloan, Europako 44tik gora proiektutan parte hartu dugu (horietatik bost ERC proiektuak), nazioarteko 14 kongresu antolatu ditugu, 90 tesi baino gehiago zuzendu ditugu, zerbitzua eman diegu 40 enpresa baino gehiagori eta hiru startup abiarazi ditugu. Laburbilduz, gure ikerketak heldutasun teknologikoko maila (TRL) guztiak barne hartzen ditu, hasi ideiatik eta merkaturaino.
Polymat-ek bultzatu dituen hiru spinoff horiek aipatu dituzunez… Zergatik bultzatu dituzue eta zein sektoretan garatuko dute euren jarduera?
Gure DNAn dago ekintzailetzarekiko konpromisoa eta apustua, eta horregatik bultzatu ditugu ikerketa-taldeetatik sortutako hiru startup horiek. Gainera, horietatik biren kapitalean eta administrazio-kontseiluan parte hartzen dugu.
Zein da euren jarduera?
Polímerbio enpresak gailu mediko bioabsorbagarriak garatzen eta merkaturatzen ditu. Esaterako, tutu urologiko bioabsorbagarri bat patentatu du, zeinak aukera ematen baitu uretrako estenosia tratatzeko bigarren ebakuntzarik gabe. Bestalde, Polykey enpresak I+G-ko zerbitzuak ematen ditu eskaerapean eta produktu berritzaileak egiten ditu plastikoaren eta plastiko birziklapenaren industriarako. Patentepean babestutako teknologia berritzaileei esker, produktu hornitzaile aritzen da etorkizun jasangarriranzko trantsizioan helburutzat finkatu diren hiru ildo hauetan: material biologikoetan oinarritutako polimeroen ekoizpena, birziklapen kimikorako estrategien garapena eta polimero berritzaileen diseinua bateria eraginkor eta seguruagoak lortzeko.
Eta Surphase?
Startup horrek gailu bat garatu du mintz bidezko gatzgabetze prozesuetako eta petrolio- zein gas-uren tratamenduko zikinkeria fase goiztiarretan monitorizatzeko.
Polymat zentroan duzun eguneroko erantzukizunaz gain, irmoki defendatzen dituzu emakumea Zientzia eta Lidergo esparruetan bultzatzeko programak eta politikak, eta erreferente bat ere bazara arlo horretan. Zure ustez zenbat falta da desberdintasunen eszenatoki hori normalizatzeko?
Zientzia eta genero-berdintasuna oinarrizkoak dira garapen jasangarrirako. Halere, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, munduko ikertzaile zientifikoetatik % 30 baino gutxiago dira emakumeak. Badago generoen arteko oreka bat doktoretza ondorengo etapetara arte, baina gero kopuruak estankatu egiten dira; horregatik, emakumeen lidergoa ez da guztiz errotzen ingurune akademiko-zientifikoetan. POLYMATen badugu berdintasun-plan bat, eta genero-parekotasuna lortu dugu doktoretza ikasleen eta doktoretza ondorengo langileen artean. Aldiz, ez da gauza bera gertatzen taldeko liderrei dagokienez. Egoera hori gainditzeko, 2018an Emakiker izeneko beka bat abiarazi genuen (Berdintasunaren Mutualia Saria eskuratu zuena), polimeroen arloko senior emakume zientzialariei zuzendua. Programa horri esker, euren ikerketa-proiektuak gidatzen ari diren bi emakume zientzialari dauzkagu. Gainera, Emakumeak Zientzian programa koordinatzen dugu Nanogune zentroarekin batera; programa horretan Euskadiko 17 ikerketa-zentrok parte hartzen dute, jarduerak antolatuz emakumezko ikertzaileen lana gizarteari ezagutarazteko eta bokazio zientifiko-teknikoak sustatzeko neskato eta emakumezko nerabeen artean.