Lanbideren Administrazio Kontseiluak astearte honetan erabaki du osagarriak ordaintzea urtean 20.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten aldi baterako lan-erregulazio (ABLE) egoeran dauden langileei; horrela, “Euskadi da pandemiak sortutako krisia hasi eta bi urtera laguntza horri eusten dion autonomia erkidego bakarra”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak. Aurreikuspenen arabera, bosgarren deialdi honetan, laguntzek 1.333 pertsonari eman liezaiekete estaldura.

Erabakia joan den irailean Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak hartutako erabakiarekin “koherentzian” hartu da. Akordio horretan osagarri hori automatikoki luzatzea erabaki zen, Gobernu zentralaren Elkarrizketa Sozialeko Mahaian aldi baterako lan-erregulazioak luzatzen diren neurrian, eta urrian neurri hori otsailaren 28ra arte luzatzea erabaki zen.

Hori dela eta, deialdi honek 2021eko urriaren 1etik 2022ko otsailaren 28ra bitartean aldi baterako lan-erregulazioko egoeran egon diren edo dauden langile guztiei ematen die arreta, eta urteko guztizko diru-sarrerak 20.000 eurotik beherakoak badira, kasu horretan ordainketa bakarrean ordainduko zaie 100 euro hilean, lanaldia % 50etik beherakoa bada, eta 150 euro lanaldi hori % 50ekoa edo hortik gorakoa bada. Lanbideren kalkuluen arabera, laguntza horiek 1.333 pertsonari eman liezaiekete estaldura.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lanbideko Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, Euskadin “langile ahulenak babesteko modu hori mantentzen da, horiek baitira, enplegua eta ekonomia asko suspertu arren, pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz lanpostuetara itzultzeko zailtasunak izaten jarraitzen dutenak”.

“Konpromiso partekatua”

“Konpromiso hori politika publiko horietan parte hartu nahi duten gizarte-eragile guztiek partekatzea” ere baloratu du, bai Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren gobernu-organo honetan, bai Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.

“Neurri osagarri horri eutsi egin behar zaio, nahiz eta aldi baterako lan-erregulazioko espedienteetan gero eta pertsona gutxiago egon; izan ere, deialdien bilakaeran frogatu denez, aurrekoan eskatzaileen kopurua % 10,4 igo zen”, adierazi dute Sailetik.

Eman dituen datuen arabera, aurreko deialdietan 5.990 laguntza eman ziren 2020ko uztail-iraileko deialdian (2.019.265 euro), 4.645 2020-2021eko urriko deialdian (1.700.600 euro), 959 2021eko otsail-maiatzeko deialdian (421.461 euro) eta 1.190, 2021eko ekain-iraileko atariko datuen arabera (421.173 euro).

Egilea Andoni Beitia