Eustatek landutako datuen arabera, Merkatuko zerbitzuen sektoreko salmentak % 9,3 igo dira 2021eko metatuan Euskal AEn, prezio finkoetan.

Sektoreka, Garraio eta biltegiratzeko salmentak % 16,7 suspertu dira, eta Ostalaritzakoak % 16,2. Igoerak apalagoak izan dira Administrazio-jardueren eta zerbitzu osagarrien sektorean, non urteko igoera % 5,0koa izan baita; Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan, % 2,0koa; eta, azkenik, Informazioaren eta komunikazioen sektorean, 2021. urtean izaniko salmentak 2020. urtean izanikoak baino % 0,5 handiagoak izan dira.

Nabarmendu behar da 2021ean Garraio eta biltegiratzearen sektorean metatutako salmentak 2019koak baino handiagoak direla, COVID-19aren aurretik.

Hiru lurraldeek joera positiboak izan dituzte 2021. urte osoan. Arabak erakutsi du dinamismorik handiena aurreko urtearekin alderatuta, prezio finkoetan % 12ko hazkundea izan baitu. Gipuzkoan, urtean zehar metatutako igoera % 9,7koa izan da, eta Bizkaian % 8,4koa.

Merkatuko zerbitzuen sektorean lan egiten duten pertsonen kopurua % 0,4 jaitsi da 2021ean, aurreko urtearen aldean.

2021eko laugarren hiruhilekoko datuak soilik aztertuta, Euskal AEko Merkatuko zerbitzuen sektoreko salmentek % 13,0ko igoera izan dute, prezio finkoetan eta egutegiko baldintza homogeneotan, aurreko urteko laugarren hiruhilekoaren aldean.

Aurreko hiruhilekoaren aldean, eta urtaro-ondorioak kenduta, Merkatuko zerbitzuen sektoreko salmentak % 2,8 igo dira urteko azken hiruhilekoan.

Merkatuko zerbitzuen sektorearen barruan, 2021eko laugarren hiruhilekoko urte arteko bilakaera, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, positiboa izan da azpisektore gehienetan. Horrela, urteko azken hiruhilekoan Ostalaritzako salmentak % 44,8 suspertu dira urte arteko terminoetan, Garraio eta biltegiratzean % 19,9 hazi dira, eta Administrazio-jarduera eta zerbitzu osagarrietan % 8,2ko hazkundea izan da. Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak azpisektorean, aldiz, emaitza negatiboak izan dira, salmentak % 2,0 jaitsi baitira urte arteko terminoetan. Azkenik, Informazioan eta komunikazioetan espezializatutako merkatuko zerbitzuen artean, salmentek ez dute urte arteko aldakuntzarik izan (% 0,0).

Urte arteko hazkundea lurraldeetan orokorra izan da 2021eko laugarren hiruhilekoan. Araban % 16,1ekoa izan da hazkundea, Bizkaian % 12,8koa eta, azkenik, Gipuzkoan % 12,2koa.

Azkenik, Euskal AEko pertsona landunen indizeak % 0,5eko aldakuntza positiboa izan du 2021eko azken hiruhilekoan, 2020ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 0,6koa aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Egilea Andoni Beitia