2021. urtean, Euskal AEko ondasunen esportazioek % 23,0 egin dute gora (4.800,9 milioi gehiago aurreko urtean baino), eta 25.665 milioi eurora iritsi dira, Eustaten datuen arabera. Urtean zehar, 2019. urteko metatua gainditu da, eta orduan baino 179,6 milioi gehiago lortu dira.

Euskal AEko kanpo-merkataritzak, 2021ean, 4.605,5 milioi euroko saldo positiboa izan du eta % 121,9ko estaldura-tasa.

Bizkaia nabarmena izan da aldi horretan, haren esportazio-jardueragatik; izan ere, urte arteko % 31,2ko hazkuntza izanik, ondasunen salmenten buru da (10.205 milioi euro). Arabak % 19,4ko hazkuntza izan du (7.340,5 milioi), eta Gipuzkoak, % 17,1ekoa (8.120 milioi).

Inportazioei dagokienez, Bizkaiak % 41,9ko igoera izan du, eta 11.879,6 milioi euroan inportatu ditu ondasunak; ondoren, Gipuzkoak, 4.650,3 milioi euroan eta % 29,3ko igoera, eta, azkenik, Arabak, % 21,3 eta 4.529,9 milioiko ekarpenarekin Euskal AEko zenbateko osoan.

Produktu mota kontuan hartuta, Produktu ez-energetikoek (urte arteko 4.387,1 milioiko hazkuntza, % 22,0) lagundu diote gehien esportazioen hazkuntzari; Produktu energetikoek ere aurreko urtean baino 413,8 milioi gehiago izan dute (% 43,5).

Bestalde, Produktu energetikoen inportazioek % 57,6 egin dute gora, eta Produktu ez-energetikoenek, % 28,8.

Aldi horretan, Euskal AEko esportazioen xede honako herrialde hauek izan dira: Frantzia da zerrendako lehena, esportatutako kopuru osoaren % 16,1 hartzen baitu (4.120 milioi euro), eta Alemania gainditu du, zeinak, azkenean, bigarren lekua betetzen baitu (% 15,9 eta 4.092 milioi euro). Bi herrialde horien ondoren, Erresuma Batua (1.695 milioi eta guztizkoaren % 6,6), Estatu Batuak (1.592 milioi eta % 6,2) eta Belgika (1.362 milioi eta % 5,3) daude. Bost herrialde horiek Euskal AEko esportazioen erdia hartzen dute (12.861 milioi, % 50,1). Herrialde horiez gainera, Italia (% 5,3 eta 1.351 milioi), Herbehereak (% 5,0 eta 1.294 milioi), Portugal (% 4,4 eta 1.117 milioi), Txina (% 2,6 eta 665 milioi) eta, azkenik, Polonia (% 2,3 eta 602 milioi) ere kontuan hartzen baditugu, 17.889,8 milioi eurora iristen da, eta Euskal AEko esportazio guztien % 69,7ra.

Jarduera-adar garrantzitsuenen artean, esportazio-bolumenari dagokionez, 2021ean, “Siderurgia” nabarmentzen da, % 50,2ko gehikuntza izan baitu aurreko urteko aldi berarekin alderatuta (955,6 milioi euro gehiago; 2.858,8 milioira iritsi da). Nabarmen hazi da, era berean, honako hauen esportazioa: “Kokeria eta petrolio-fintzea” (% 44,9), “Burdinazkoak ez diren metalak” (% 41,8), “Material eta ekipo elektrikoak” (% 21,7), “Kautxuzko produktuak” (% 18,3) eta, bereziki, “Ontzigintza” (% 239,5), besteak beste.

“Motordun ibilgailuen fabrikazioarekin” zerikusia duten produktuen adarrak (5.543,7 milioi eta guztizkoaren % 21,6), 2021. urteko hamabigarren hila amaitzean, % 15,6ko hazkuntza metatua erregistratu du, aurreko urteko aldi berean baino 746,7 milioi gehiago, eta Euskal AEko esportazio-rankingean duen nagusitasuna finkatu du.

Inportazioen kasuan, nabarmentzekoa da adarrik garrantzitsuenak, “Erauzketa- eta petrolio-industriak” –petrolio gordina–, % 44,9 egin duela gora, eta bolumen aldetik atzetik dituenek ere gora egin dutela, batik bat “Siderurgiak” (% 59,9), eta, nabarmen, “Kokeriak eta petrolio-fintzea” adarrak (% 116,7) –petrolio findua–.

Xehetasunak ematean ikusten da esportazioen barruan 25 arantzel-partida nagusien artean hirutan egon direla hazkuntza-tasa negatiboak: “Hodiak eta profilak hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak” (–% 10,6), “Kobre findu gabea; fintze elektrolitikorako kobre anodoak” (–% 20,5) eta “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak” (–% 4,0). Gainerako arantzel-partidetan, tasak positiboak izan dira, eta honako hauek nabarmentzen dira, daukaten garrantziagatik eta pisu bereziagatik: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (% 19,4), “Automobilentzako zati eta osagarriak” (% 23,0), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (% 7,1), “Petrolioaren olio finduak” (% 44,9) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 15,6), zeinek gure esportazioen buru den taldea eratzen baitute (7.591 milioiko metatua, Euskal AEko esportazioen ia % 29,6).

Inportazioen kasuan analisi bera egiten badugu, “Petrolioaren olio finduen” erosketen igoera (% 111,9) nabarmentzen da; izan ere, 2021ean 977,7 milioi euro izan dira eta, aurreko urtean, 461,3, hau da, aurreko urtean 1.437.460 tona izan ziren eta, 2021ean, 2.004.539 tona (567.078 tona gehiago). Eta tona kopuru bertsuan egin dute behera “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinen” inportazioek (-557.467 tona). Aldi horretan nabarmen hazi den beste partida bat honako hau da: “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (% 93,3). Nabarmendu behar dugu, halaber, duen garrantziagatik, “Petrolio-gasaren eta gainerako hidrokarburo gaseosoen” diru-inportazioen hazkuntza, % 40,8ko hazkuntza izan baitute; horrek, hala ere, bolumenean % 25,1eko beherakada dakar, 1,37 milioi tonatik milioi batera igarotzen baita.

Euskal AEko esportazioek % 27,0ko igoera izan dute 2021eko abenduan. Produktu energetikoen esportazioek % 30,9 egin dute gora, eta ez-energetikoenek –balio osoaren % 94–, % 26,8 egin dute gora. Salmentek 2.081,1 milioi euroko balioa izan dute; aurreko urteko hil berean, 1.638,3 milioi eurokoa izan zuten.

Inportazioen gorakada

Inportazioek % 51,5eko hazkuntza izan dute 2021eko abenduan (1.958,8 milioi eurora iritsi dira). Inportazio energetikoek % 206,5 egin dute gora eta ez-energetikoek, % 29,3.

Hil honetan, esportazioek Gipuzkoan % 26,1 egin dute gora, “Metalen eta haien manufakturen” igoeraren (% 79,2) eta “Garraio-materialaren” igoeraren (% 52,2) ondorioz. Bizkaian igoera % 27,5ekoa izan da, honako hauen igoeraren ondorioz: “Koipe eta olioak” (% 393,5), “Produktu kimikoak” (% 100,4), “Produktu mineral eta energetikoak” (% 30,7), “Metalak eta haien manufakturak” (% 15,7) eta “Material elektrikoa” (% 22,7). Arabak ere % 27,5eko igoera izan du, baina, kasu horretan, “Garraio-materialak” % 37,5 egin duelako gora eta “Metalek eta haien manufakturek”, % 24,8.

Inportazioei dagokienez, Bizkaian izan da igoerarik handiena (% 92,3), “Produktu mineral eta energetikoen” erosketen (% 188,2, aurreko urtean baino 332,8 milioi gehiago) eta “Metalen eta haien manufakturen” erosketen (% 58,9) eta “Landareen erreinuko produktuen” erosketen (% 315,2) ondorioz. Aurrerapena Gipuzkoan % 40,3koa izan da, funtsean “Metalen eta haien manufakturen” igoeraren (% 47,5) eta “Material eta ekipo elektrikoaren” igoeraren (% 54,1) ondorioz. Araban, berriz, % 4,1eko atzerapena izan da, funtsean “Garraio-materialaren” (–% 47,2) eta “Material elektrikoaren” (–% 15,4) ondorioz; atzerapena ez da handiagoa izan, “Metalen eta haien manufakturen” igoerari (% 52,9) esker.

Euskal AE osoa aztertuta, jarduera-adar garrantzitsuenak, eta esportazioei dagokienez, berriz ere nabarmentzen da “Siderurgiaren” igoera (% 81,9) hiru lurralde historikoetan, baina, batik bat, Gipuzkoan (105,7 milioi esportatu), eta, ondoren, Bizkaian (93 milioi) eta Araban (52 milioi). Halaber, “Pinturek eta beste azken kimika batek” ere hazkuntza handia izan dute (% 221,4); hura Bizkaian kontzentratzen da, eta 69 milioiko salmentak izan ditu. “Ibilgailu motordunen fabrikazioarekin” lotutako produktuek % 28,4ko igoera izan dute (2020ko abenduan baino 92 milioi gehiago), hil honetan Arabako lurraldetik esportatu diren 269 milioien eta Gipuzkoatik igorri diren 91 milioien ondorioz. Azken lurralde horretan, halaber, urte arteko hazkuntza handia izan da “Beste garraio-material batean”; haren 70 milioien bidez, ekarpen erabakigarria egin dio Euskal AEn jarduera-adar horren % 83,9ko igoerari. “Kokeriek eta petrolio-fintzeak” % 41,1eko igoera izan dute.

Inportazioei dagokienez, esan behar da jarduera-adar garrantzitsuenak, “Erauzketa- eta petrolio-industriak”, % 182,7 egin duela gora; rankingeko bigarrenak, “Kokeriek eta petrolio-fintzeak”, % 275,3 eta “Produktu siderurgikoek”, % 71,5 (hil honetan hirugarren postuan daude). Halaber, gora egin du, nabarmen (% 157,1) “Nekazaritza, abeltzaintza eta ehiza” jarduerak, funtsean Bizkaian (81,6 milioi euro inportatu dira lurralde horretatik).

Urte arteko hazkundeak

Xehetasunak emateko, esportazioen urte arteko hazkundeak egiaztatu dira “Petrolio-olio finduen” (% 59,5) kasuan, zeinek 44,3 milioiko hazkundea izan baitute aurreko urteko hil beraren aldean, eta “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilen” kasuan (% 233,6 eta 2020ko abenduan baino 53,7 milioi gehiago); haiek Gipuzkoan metatu dira, eta lurralde horren zenbateko esportatzailea 75 milioi eurokoa izan da. Halaber, nabarmen egin dute gora “Animalien edo landareen koipeak eta olioak, erabilera tekniko industrialetara bideratuak” partidaren esportazioek (% 431,6); Bizkaian, 30 milioi eurora iritsi dira. Era berean, igoera handia izan da automobilgintzan; izan ere, haren sei partida garrantzitsuenek igoera nabarmenak izan dituzte, eta, haien artean, “Gidaria barne hamar pertsona edo gehiago eramateko ibilgailu automobilak” (% 268,4) nabarmentzen dira, Gipuzkoatik 45 milioi igorri baitira, eta, lurralde horretatik bertatik, “Trenbide eta antzekoen mantentze- edo zerbitzu-lanetarako ibilgailuak” (% 3.238,0), 53 milioi esportatu baitira. Modu berean, gora egin dute honako hauen salmentek: “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (% 31,2), “Automobilentzako zati eta osagarriak” (% 9,1), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (% 20,5), eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 6,8). Bestalde, atzerapenetan esanguratsuena “Kobre findu gabea; fintze elektrolitikorako kobre anodoak” partidaren atzerapena da (–% 60,0).

Inportazioen kasuan, “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinen” igoera handia (% 216,6) egiaztatzen da (2020ko abenduan baino 234 milioi euro eta 288.463 tona gehiago), bai eta “Petrolioaren olio finduena” ere (% 278,6); azken horiek “Gasoleoetan” kontzentratzen dira (105,6 milioi eta 174.201 tona inportatu). Nabarmentzekoa da, aurreko hilekin alderatuta, ez dagoela “Gas naturalaren” inportaziorik; fenomeno hori lau aldiz baino ez da gertatu azken hamar urteotan (2013ko abendua, 2014ko martxoa, 2015eko urtarrila eta 2016ko ekaina).

Hil horretan nabarmen indartu dira honako hauen inportazioak: “Soja-babak, baita hautsiak ere” (% 332,3), 64,6 milioiko erosketak izan dituzte, eta “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (% 72,2). Bestalde, beherakadak egon dira honako hauetan: “Enbolo, diesel edo erdi-diesel motorrak” (–% 48,9) eta “Ibilgailu automobilen zati eta osagarriak” (–% 43,7)

2021eko abenduan, bost herrialde (Frantzia, Alemania, Herbehereak, Estatu Batuak eta Belgika) izan dira Euskal AEren bezero nagusiak, Euskal AEko esportazioen guztizkoaren % 48,9 berenganatu baitute. Haietako lau EB27koak dira; entitate horri Euskal AEko esportazioen % 63 dagokio. Erresuma Batua, hil honetan, zortzigarren postura jaitsi da rankingean, eta Italiak eta Portugalek ere gainditu dute.

Herrialde hornitzaile nagusiak honako hauek izan dira, hil horretan: Alemania (230 milioi), Frantzia (195 milioi), Txina (178 milioi), Errusia (142 milioi) eta Herbehereak (123 milioi), eta bosten artean inportatutako guztizkoaren % 44 biltzen dute.

Egilea Andoni Beitia