Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen soldata % 2 igotzea onartu du astearte honetan. Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria bozeramaileak iragarri du 76,7 milioi euroko finantzaketa beharko dela eta 80.0000 langileri eragingo diela.

Igoera hori sindikatuekin negoziatu da, eta Euskadiko Aurrekontuen Legeak jasotzen du urte honetarako. Otsailaren nominan aplikatuko da jada, eta urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izango du.

Araudiak ezartzen duenez, sektore publikoko langileen ordainsariek ezin izango dute % 2tik gorako igoera orokorra izan, 2021eko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Ehuneko hori bera aplikatuko zaie sektore publikoko goi-kargudunei, zuzendariei eta lan-kontratuko langileei ere.

Soldata-igoera onuragarria izango da autonomiako langile publiko guztientzat (Administrazio Orokorra, Segurtasuna, Hezkuntza, Justizia eta Osakidetza), eta erreferentzia-esparrua da EAEko sektore publiko osorako.

Egilea Andoni Beitia