MAIALEN MUSATADI / 2020-02-25/ Biltzar-jauregiaren iazko jarduerak hazten jarraitu du, eta 52 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Gipuzkoan, jarduera-maila bikaina izan baita. Horri esker, nabarmen igo da berriro maila, eta markak haustea lortu 4,3 milioiko negozio-bolumenarekin (2018an baino % 4 handiagoa), 317 ekitaldi antolatu ondoren.

Halaber, eragiketen altxortegiko superabitak bere horretan eutsi dio (1,2 milioi); kopuru horrek markak hautsi zituen aurreko ekitaldian, berriz ere, ez da beharrezkoa izan gastu arruntagatik inolako ekarpen publiko ekonomikorik egitea. Horri esker, sozietatea murgilduta dagoen inbertsio-plan garrantzitsua finantzatu ahal izango da.

2019ko balantze bikain hori jardueraren funtsezko segmentuek izandako hazkunde handien ondorioa da: alde batetik, kultura-arloan, % 5eko gorakada izan du fakturazioak 2018koarekin alderatuta, eta aurreko urteko marka historikoa hautsi da, 152 kontzerturi esker. Bestalde, 2019 oso urte ona izan da biltzarrei dagokienez, % 25 egin baitu gora biltzarkide kopuruak aurreko ekitaldikoarekin alderatuta, eta, bertan egindako biltzarren batez besteko tamaina 2018koena baino handiagoa izan da, (batez, beste 586 bertaratu). Ekitaldi horiek, gainera, nazioarteko profila izan dute, izaera hori izan baitzuten egindako 3 biltzarretatik 1ek. Azkenik, oso positiboa den beste hirugarren datu batek ere ekarri du balantze arrakastatsu hori; hain zuzen ere, ekitaldiei lotutako zerbitzuen komertzializazioan (ikus-entzunezkoak, argiztapena, komunikazioak, teknikariak) izan den gorakada handiak (hots, % 32koa), zeinak markak hautsi baititu.

Bestalde, emaitzen balantze bikain horri biltzar-jauregiarentzat estrategikoa den elementu bat gehitzen zaio: bezeroen gogobetetze-maila handia, galdeketetan antolatzaileek batez beste 8,7 puntu eman baitizkiote Kursaali, 2018an baino puntu gehiago.

Era berean, Administrazio Kontseiluak ‘2020-2023 Plan Estrategikoa’ onartu du, datozen lau urteetarako ardatz estrategiko nagusiak markatuko dituena, asmo handiko izpiritu inkonformistarekin eta azken emaitza onekin, lurraldeari aberastasuna eta ezagutza ekartzeko asmoa berretsiz.

Etengabe hobetzeko bere espirituari leial, Kursaalek beste erronka bat hartu du bere gain datozen lau urteetarako, Espainiako Biltzar Jauregien Elkarteko (APCE) presidentetza eman baitiote. Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendari-kudeatzailea, hautatu dute, aho batez, Biltzar

Jauregien Elkarteko presidente berria. Elkartearen helburu estrategiko garrantzitsuenak, besteak beste, APCEk bileren eta ekitaldien industrian duen ordezkaritza bultzatzea, Elkarteko kide diren jauregietako taldeen garapen profesionala sustatzea, jauregi kideen “Premium-aditua” posizionamendua indartzea eta lantaldeen garapen profesionala sustatzea.

Oso ekitaldi berezia 20 urteak ospatzeko

Azaroaren 28an, Kursaalek bi jarduera oso berezi antolatu zituen bere lehenengo bi hamarkadak ospatzeko. Alde batetik, Kursaalen sortzaile Rafael Moneo arkitektoa Iñaki Gabilondo kazetariarekin solasean aritu zen Ganbera Aretoan, K orube zaharrean hondoratutako bi arroka hauek eraikitzeak hiriburuan eta haren ibilbidean zer eragin izan zuen azaltzeko.

Egunari amaiera emateko, 20. urteurrenaren gala egin zen, eta urtez urte jauregiaren programazioak eskaintzen dituen espiritu klasikoa eta garaikidea uztartu zituen. Ekitaldirako prestatutako programan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Orfeoi Gaztea, Lucía Lacarra, Elena Sancho Pereg, Izaro, Mikel Erentxun eta Eñaut Elorrieta izan ziren, Juan José Ocónen zuzendaritzapean. Galari amaiera emateko, artista guztiek batera interpretatu zuten, modu hunkigarrian, «Lau teilatu» abestia.

2019 oso garrantzitsua izan zen Kursaalentzat. 20 urte horien balantzeak datu bikainak eskaini zituen. Adibidez, hasierako inbertsioa halako hogei baino gehiago ekarri dio Gipuzkoako ekonomiari; ia bederatzi milioi pertsonak hartu dute parte 5.336 ekitalditan eta urteko 293 egunetan erabili da jauregia.

2019: urte onenetako bat biltzarrei dagokienez

Azken ekitaldian jarduera-datuak bikainak izan direla ikusita, biltzarren sektorea datu horien erantzule nagusietako bat da. Nabarmentzekoa da iaz formatu handiko hainbat biltzar izan zirela (hots, 1.000 pertsonatik gorakoak), hala nola 19th Conference on Integrated Care ICIC, pertsonengan ardaztutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzeari eta ezartzeari buruzkoa; Aldaketa Klimatikoari buruzko Nazioarteko Biltzarra (“Change the change”); Kimikako Espainiako Errege Elkartearen bi urtez behingo XXXVII. bilera edo Lanbide Heziketako Nazioarteko Biltzarra (Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen, eta mundu osoko 50 herrialdek hartu zuten parte).

Bilera profesionalei dagokienez, aipatzekoak dira, besteak beste, Kalitate Asistentzialaren Espainiako Elkartearen (SECA) XXXIII. Biltzarra, Turismo Gastronomikoaren V. Mundu Foroa— Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Center-ek (BCC) antolatua—, Europako Parlamentuaren Biltzarra eta OPCen 31. Biltzar Nazionala.

Club de Creativos elkartearen topaketa eta Gastronomika biltzarra ere egin ziren; biek ala biek Kursaalen dute egoitza gaur egun.

Kursaal Eszena berriz ere handitzen

Kultura-arloan, aipagarria da 2019an Kursaal Eszenak, Kursaalen beraren kultura-programazioak, % 14 handitu duela ikuskizunetara etortzen direnen kopurua, eta, horrela, guztira, 34.789 pertsona erakarri ditu. Gainera, proiektu kulturala indartuko duen beste enpresa babesle bat sartu da: LaCaixa.

Guztira, 152 kontzertu egin ziren, eta haietatik 28 Kursaal Eszenak proposatu zituen. Nabarmentzekoa da sarrerak agortu zirela bost kontzertutan: Izaro, Beirut, Vetusta Morla, Ludovico Einaudi eta Ballet Nazionala. Halaber, programazioan, artista ospetsuak sartu ditu; besteak beste, Loreena Mc Kennit, Omara Portuondo eta Ruper Ordorika. Horrez gain, Txirula magikoa opera ere antzeztu zuen Opus Lirica konpainiak. Musika klasikoko kontzertuen artean, hauek aipatu behar ditugu: Kremerata Báltica eta Martha Arguerich, NDR Hamburgo Orchestra, Concertgebouw Chamber Orchestra, Gustav Mahler Jugendorchester, Akademie Für Alte Musik Berlin eta Concerto Köln, baita haurrentzako lau kontzertu ere.

Kursaaleko agertokietan programatzen duten sustatzaile pribatuek ez ahazteko moduko kontzertuak ekarri zituzten; besteak beste, artista hauenak: Vanesa Martín, Ara Malikian, Antonio Orozco, Raphael, Andrés Calamaro edo Paco Ibañez. Umorezko ikuskizunetan ere guztiz bete ziren aretoak, horren adibide ditu La Vida Moderna, Dani Martínez, El sentido del humor eta Noches de Comedy Central. Musikalak eta tributuak ere izan ziren; besteak beste, The Beatles Tribute, History of Rock eta La familia Adams.

Bestalde, Goazen telesailaren ikuskizunak, «Donostia magiaz blai» ekitaldiak eta haurrentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun tradizionalak erabat bete zuten Kursaal familiez.

Eta, haiekin batera, ohiko beste batzuk ere izan dira; esaterako, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu-denboraldiko emanaldiak, Musika Hamabostaldiko eta Heineken Jazzaldiko udako kontzertuak, eta Donostiako Zinemaldiko 100dik gorako zinema-proiekzioak.

Nazioarteko sei biltzar 2020rako

Kursaalen 2020rako aurreikuspenen arabera, hamabost biltzar egingo dira; besteak beste, nazioarteko sei.

Lehenik, aipatzekoa da 5th School and Conference on Spin-Based Quantum Information Processing, baita WFCP Congress 2020 – The World Federation of Colleges and Polytechnics ere, zeinak mundu osoko hezkuntzako eta gaikuntza profesional eta teknikoko (PTET) joerak nabarmenduko baititu, aurten Donostian. Nazioartekoak dira, halaber, FORCE 11 biltzarra, Polimeroen XV. Biltzar Iberoamerikarra, Polimeroen Talde Espezializatuaren XVI. Bilera, eta Polimeroen XVII. Sinposio Latinoamerikarra.

Martxoan eta apirilean, hauek izango dira, besteak beste: Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoa berrikusteko parte hartzeko batzarrak, Sevatur 2020, Club de Creativos elkartearen biltzarra, Nazioarteko IV. Komiki Jaialdia eta Pediatriako Larrialdien Espainiako Elkartearen (SEUP) urteko bilera.

Egilea Andoni Beitia