Euskal Autonomia Erkidegoko landetxeetan 2.643 sarrera eta 6.743 gaualdi zenbatu dira urtarrilean, eta horrela, urte batetik bestera %229,1 eta %102,6 gehitu dira, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera. EAEko landetxeetan urtarrilean erregistratutako sarreren %90,3 eta gaualdien %88,4 Espainiako Estatuko bidaiarienak izan dira. Beste jatorriko bisitariak sarrera guztien %9,7 eta gaualdi guztien %11,6 baino ez dira izan, urte arteko hazkunde esanguratsuak izan badituzte ere.

Lurraldeka, sarreren eta gaualdien urte arteko hazkundeak %325,4koa eta %128,4koa izan dira Araban, hurrenez hurren; Gipuzkoan, sarrerak %272,4 gehitu dira, eta gaualdiak %133,0; azkenik, Bizkaian, 2021eko urtarrilaren aldean, sarrerak %112,5 gehitu dira, eta gaualdiak %39,0. Bisitariek landetxeetan egindako batez besteko egonaldia 2,55 egunekoa izan da urtarrilean, 2021eko hilabete berean behatutako batez besteko 4,14 eguneko egonaldiaren azpitik. Plazakako eta gelakako betetze mailek %2,8 eta %2,9 puntuko urte arteko igoera izan dute, hurrenez hurren, %5,9ra iritsiz plazakakoa eta %8,4ra gelakakoa.

Bestalde, EAEko apartamentu turistikoei dagokienez, 4.688 sarrera eta 27.696 gaualdi izan dira urtarrilean, eta horrela, %168,2 eta %92,0 gehitu dira iazko hilabete beraren aldean, hurrenez hurren. Espainiako Estatukoak ez diren bisitarien portzentajea EAEko apartamentu turistikoetako sarrera guztien %20,4 eta gaualdien % 28,7 izan da.

Gainera, batez besteko egonaldia 5,91 egunekoa izan da urtarrilean, 2021ekoan baino laburragoa, orduan 8,25 egunekoa izan baitzen. Apartamentu bakoitzeko betetze maila %55,6koa izan da EAEn, hau da, %20,2 puntu igo da iazko urtarrilaren aldean. Lurraldeei dagokienez, batez besteko egonaldia 16,09 egunekoa izan da urtarrilean Gipuzkoan, eta 12,01 egunekoa Araban; Bizkaian, berriz, 2,30 egunekoa izan da.

Egilea Admin