Eusko Legebiltzarrak EAJk, PSE-EEk eta PP+Cs alderdiek adostutako zuzenketa bat onartu du. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio eguneratu ditzala etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskuratzeko baldintza ekonomikoak, bai eta eskubide horren aitorpena kolektibo berriei zabaltzeko ere.

Ekimen hori Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak onartu du, eta ostegun honetan gaiari buruz eztabaidatu dute, EH Bilduk proposatuta.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketa transakzionala adostu dute, baina atzera bota dute babes nahikorik lortu ez dutelako.

Bi alderdiek adostutako testuak etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortua izateko baldintza ekonomikoak eguneratzeko eskatzen zion Eusko Jaurlaritzari, eskubide hori eskuratu ahal izateko urteko gehieneko diru-sarrerak % 20 handituz.

Horrela, EH Bilduk eta E-Podemosek proposatzen zuten 9.000 eurotik 10.800 eurora igotzea pertsona bakarreko bizikidetza-unitateetan; 12.000 eurotik 14.400 eurora bi pertsonako unitateetan; eta 15.000 eurotik 18.000 eurora hiru pertsona baino gehiagokoetan.

Proposamen horren ordez, Eusko Legebiltzarrak EAJren, PSE-EEren eta PP+Cs alderdien zuzenketa bat onartu du, Jaurlaritzari etxebizitza “duin eta egoki” bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren arauzko garapena “osatu eta amaitzeko” eskatuz.

Gainera, “Bitartean”, Jaurlaritzak etxebizitzarako eskubide subjektiboa ezartzen jarrai dezala eskatu du, “Kolektibo eta biztanleria-talde berriei eskubide hori aitortzen aurrera eginez”.

Legebiltzarrak, halaber, etxebizitzarako eskubide subjektiboaren kudeaketa “osoa eta egokia” bermatzeko eskatzen du. Era berean, Ganberak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio onar dezala etxebizitzarako prestazio ekonomikoa “etxebizitza edo bizitoki babestua alokairuan esleituz etxebizitzarako eskubide subjektiboa betetzeko elementu subsidiario gisa soilik”.

Ostegun honetan onartutako zuzenketak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua izateko baldintza ekonomikoak eguneratzeko. Eguneratze hori “diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren lege-proiektu berriarekin egin beharreko azterketa sozioekonomikoaren emaitza” izan beharko da, eta horren gainean “gehieneko diru-sarreren azken zifrak zehazteko aukera emango duela” baieztatzen da.

Egilea Andoni Beitia