Ingeteamek tren poloniarrentzako ekipoak egingo ditu

Ingeteam taldeak 24 tren-makina hornitzeko kontratua itxi du Poloniako Pesa tren-fabrikatzailearentzat. Enpresak potentzia handiko 48 trakzio-bihurgailu hornituko ditu, baita kontrol- eta monitorizazio-sistema ere. Ortuellako Ingeteam lantegian fabrikatuko dira bihurgailuak. Horrelako bigarren kontratua da lantegi honetarako urtebete baino gutxiagoan, 2021eko ekainean Pesak Ingeteamen esku utzi baitzuen bere trenak hornitzeko. Orduko hartan, 12 tren-makina eta 8 ibilgailu automotor trakzio-bihurgailuz hornitzeko egin zen kontratua. Euskal enpresak adierazi zuen, horrela, “Trenbideko garraio iraunkorrenaren garapena sendotzen dela”.