Nadia Arratibel: “Merkatuen artean desberdintasunak daude”

Ondarreta enpresa gipuzkoarraren jatorria XX. mendearen hasieran eman zen, Nora eta Nadia Arratibelen aitona-amonek, enpresako CEOek eta egungo Produktu zuzendariak, izen bereko hondartzan egindako aroztegi txiki batekin. Aitona-amonek Juanjo Arratibel eta Marilis Galardi gurasoei eman zieten lekukoa, eta haiek erreferente bihurtu ziren diseinuzko altzarien sektorean. Markak 45 urte bete berri ditu, eta altzariak fabrikatzen ditu mundu osoan zehar. Orain Oiartzunen dago bere egoitza, 50 langile ingururekin. Nadia Arratibel hirugarren belaunaldiko ordezkariak azaldu du konpainiaren lana elkarrizketa honetan.

Ondarreta erreferente bat da diseinuzko altzarien sektorean, eta aulkien fabrikazioan espezializatu dago.

Bob bildumaren aulkiak erreferente argia dira guretzat, Ondarretak urteetan zehar izan duen bilakaeraren barruan, enpresaren esentzia galdu gabe. Izan ere, gure esentzia materia nobleen, tokiko ekoizpenaren, naturaren forma organikoen eta taldearekiko errespetuan oinarritzen da, besteak beste. Zentzu horretan, Bob bilduma da ‘lifestyle’ kontzeptua lantzen den lehenbizikoa, non espazio harmoniatsuak sortzeko helburua dagoen, ez soilik produktuak.

Diseinuzko altzarien sektorean produktuen berrikuntza funtsezkoa da?

Ondarretan I+G+b izan da beti bilduma berriak garatzeko ardatz garrantzitsu eta nabarmenetako bat. Sail teknikoak garapen berriak eta I+G+Brekin zuzenean lotutako aplikazio berriak lantzen ditu egunero.

Gure fabrikatzaile ikuspuntutik, uste dugu aurrera pauso bat eman behar dugula, eta gure bezeroei produktu berritzailea eskaini behar diegula, haien behar funtzionalak eta estetikoak asetzeko, eta, aldi berean, aparteko beste zerbait eskaini ahal izateko. Berrikuntza funtzionalak bilatzen dira, eta, gero eta gehiago, materialetan, ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izango duen produktu bat eskaintzeko.

Gainera, gaur egun Ondarretak ingurumen-arloarekin lotutako I+G+Bko programetan parte hartzen du, hala nola Ecoetiqueta, Biodecar, Susplas, Polisurf edo Adinet.

Enpresaren urteko fakturaziotik, zenbat bideratzen da berrikuntzara?

Ondarretako fakturazioa, guztira, 9 milioi euro ingurukoa da, eta urtean 400.000 euro inguru bideratzen ditugu I+G+b proiektuetara.

Ondarretak 40 herrialde baino gehiagotan du presentzia gaur egun. Epe laburrean edo ertainean merkatu berrietan agertzeko asmoa du enpresak?

Gure nahi nagusia izango litzateke esportazio-merkatuak etengabe hazten jarraitzea, oraindik presentzia ez dugun merkatuetan aukera berriak sortzeko. Gaur egun, Ekialde Ertainerako eta Asiarako proiektu berriak lantzen ari gara, batez ere Txinan eta Japonian.

Fakturazioaren zein ehuneko dator nazioarteko proiektuetatik?

Gure lanaren 50% inguru esportazioak dira.

Altzarien gustuak aldatu egiten al dira merkatu desberdinen arabera?

Merkatuen artean desberdintasunak daude, eskualde bakoitzeko ‘background’ historikoa eta kulturalaren arabera, baina gaur egun mundua gero eta globalagoa da eta, beraz, kontsumoa uniformeagoa da.

Mundu osoko zein leku ikonikoetan daude Oiartzunen egindako altzariak?

Gaur egun altzarien marka globala gara etiketa espezifikorik gabe. Ez dugu nahi gure altzariei mugak jartzerik. Horregatik, Ondarretako produktu bat hiriko apartamentu batean, hotel bateko lobbyan edo coworking bulego batean egon daiteke. Jakina, badira espazio batzuk beste batzuk baino enblematikoagoak, eta arkitekto handi ezagunen eskutik datozenak: LinkedInen bulegoak Chicagon, Hermèsen bulegoak Parisen, Santanderreko Centro Botín, Renzo Piano arkitektoak diseinatua, Caixabanken irudi berria edo Errealaren Reale Arena futbol estadioko vip aretoen altzari-hornikuntza.

Ondarretak SPRI Taldearen programetan parte hartu du. Zer balorazio egiten du enpresak?

Oso positiboa. Hainbat programatan parte hartu dugu, eta ia beti aukera eman digu ekintzei baliabide egokiekin ekiteko.