Bizkaiko ‘start-up’-ak Adimen Artifiziala eta hatz-markak ezagutzeko teknologia bat konbinatzen dituen sistema bat garatu du, pazientea “edozein egoeratan” identifikatzeko. Duela gutxi proiektu pilotu bat sinatu du Osakidetzarekin, SPRI Taldearen BIND 4.0 programari esker.

2019an Heuristik enpresa bizkaitarra bere software biometrikoa garatzen hasi zen, osasun-erakundeetako pazienteak identifikatu eta trackeatzeko. Urte horretan bertan, proiektu pilotu bat jarri zuen abian Espainiako anbulantzia-erakunde handienetako batekin, DYArekin, eta Europako osasun azeleragailuen % 90ean parte hartu ondoren, azken urte honetan NEOTEC laguntza bat eskuratu du, estatu mailako lehiakorrenetako bat, eta SPRI Taldearen BIND 4.0 programan parte hartzeko hautatu dute, Osakidetzarekin batera proiektu pilotu bat abian jartzeko.

“Gogo handia genuen BIND 4.0n parte hartzeko, pilotu ordaindu bat egiteko ‘start-up’-ak eta enpresak batzen dituen Europan dagoen azeleragailu bakarra baita. Egia esan, ohore handia da sinergia hau sortu ahal izatea eta esperientzia honetan murgiltzea”, onartu du Antxon Caballerok, Heuristik-eko Chief Executive Officer-ak. “Euskadin, Europako osasun onenetako bat izateko zortea dugu, eta gure irtenbidea bezain abangoardista den irtenbide bat ezartzeak, etengabe bere burua berrasmatu nahi izatea erakusten du. Gure ustez, hori da beti Europako gailurrean egoteko modurik onena”, nabarmendu du.

Bizkaiako ‘start-up’-ak sortutako sistemak sare neuronalak (Adimen Artifiziala) eta hatz-marka ezagutzeko teknologia bat konbinatzen ditu, “ia edozein egoeratan” htz-markak identifikatzea ahalbidetzen duena. Gaur egun, osasun-erakundeek hiru metodo erabiltzen dituzte pazienteak identifikatzeko: identifikazio-txartela, QR besokoa edo NFC besokoa. “Gure konponbidea aipatutako hirurekin alderatzen baduzu, hobekuntza nabarmenak aurkituko dituzu. Gaur egun erabiltzen den edozein sistema baino % 90 merkeagoa da, ez du inolako hondakin plastikorik sortzen eta iruzurra saihesten laguntzen du, hatz-markak bakarrak, zalantzarik gabekoak eta besterenezinak baitira”, Chief Executive Officer-en esanetan.

Baina bere proposamenaren ezaugarri berritzaileena pazientea ia edozein egoeratan identifikatzeko gai dela da, baita inolako elementu identifikatzailerik (NAN, osasun txartela…) ez badu ere. Hala azaldu du Caballerok: “Adibidez, diru-zorroa leihotik hegan ateratzen den auto istripu batean, ospitaleek ez dute zauritua identifikatzeko modurik. Gure konponbidearekin, ordea, nahikoa litzateke zure hatz-marka eskaneatzea zu identifikatzeko, baldin eta aurrez identifikatu badute, jakina”.

Osakidetzarekin batera egingo duen proiektuaz gain, Heuristikek hainbat pilotu nazional eta nazioarteko sinatu ditu, eta Caballeroren arabera, “oso harrera ona izaten ari gara ospitaleetan”. “Urte honetarako gure ideia nazio mailan sinatuta ditugun pilotu guztiak arrakastaz gauzatzea da, eta urte amaierarako Europan hazten hastea. Horretarako, Horizon Europe batera aplikatuko dugu, Europako hainbat ospitalerekin batera, eta hiru milioi euro inguru altxatzen saiatuko gara. Gainera, espero dugu neurria ematea SPRI taldearen Hazitek laguntza lortzeko ere”, azaldu du Chief Executive Officerrek. Aldi berean, inbertsiogile amerikarrekin 500.000 euroko inbertsio erronda ixten ari dira eta bi urterako merkatu amerikarrera eskalatzea aurreikusten dute.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.

Egilea Andoni Beitia