Eraikuntzak %4,8 egin du gora 2021eko laugarren hiruhilekoan

Eustatek landutako datuen arabera, 2021eko laugarren hiruhilekoan, Euskal AEko Eraikuntzaren sektorearen jarduera aurreko urteko azken hiruhilekoan baino % 4,8 handiagoa izan da, uneko prezioetan. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, ordea, urtaro-ondorioak zuzendu ondoren, jarduera % 0,2 murriztu da.

2021. urte osoan, eraikuntzaren jarduera neurtzen duen indizeak % 7,2ko igoera izan du 2020. urte osoarekiko. 2021. urtean, jardueraren batez besteko igoera % 7,8koa izan da Etxegintzan eta % 3,6koa Obra Zibilean.

Hiruhileko honetako urte arteko hazkundea bi arrazoirengatik gertatu da: batetik, Etxegintza azpisektorearen portaeragatik (urte arteko terminoetan % 4,9 igo da) eta, bestetik, Obra Zibila azpisektorearenagatik (urteko azken hiruhilekoan % 3,9 igo da). Hori dena, uneko prezioetan.

2021eko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta, jarduerak behera egin du Obra Zibilaren portaeraren ondorioz; izan ere, % 5,5 jaitsi da urtaro-eraginik gabeko terminoetan. Etxegintzan, aldiz, jarduera % 0,7 igo da hiruhileko artean.

Langile enplegatuen indizea, 2021eko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta % 0,9ko igoera izanik, % 2,4 handiagoa izan da 2020ko laugarren hiruhilekoan ikusitakoa baino. Azkenik, 2021. urte osoan, langile enplegatuak % 0,4 gehiago izan dira 2020an izanikoak baino.