Iñigo Urkullu lehendakariak Aiaraldea Eskualderako berehalako jarduera-plana aurkeztu du joan den astearte honetan Gobernu Kontseiluan. Plan horretan, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga, Arakaldo, Urduña, Laudio, Aiara, Orozko eta Amurrio udalerriak sartzen dira, Euskadiko lehentasunezko jarduketa-eremu gisa.

Erakunde publikoek 28,49 milioi euro bideratuko dituzte plan horretara, eta horietatik 24 milioi euro Jaurlaritzak jarriko ditu, Eskualdeko ekonomia eta gizartea suspertzeko zortzi proiektu bultzatzaile abian jartzeko.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, berehala jarduteko proiektu hau Ezkerraldea-Meatzaldean, Enkarterrin eta Oarsoaldean abian jarritako antzeko planekin bat dator. Guztira, 180 milioi euro bideratuko dira Eusko Jaurlaritzak eskualde behartsuetarako edo Lehentasunezko Jarduteko Eremuetarako onartutako ezohiko funtsetatik.

Aiaraldekoak Eusko Legebiltzarrak eskualde horri buruz azaroaren 25eko osoko bilkuran onartutako txostenari erantzuten dio, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek elkarrekin egin dute.

Era berean, Eskualdeko udalekin eta ekonomia-, gizarte- eta enpresa-eragileekin kontrastatu da. Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak 24 milioi euro jarriko ditu, eskualdeko ekonomia eta gizartea suspertzeko 33 jarduera abian jartzeko -zortzi proiektu bultzatzailetan taldekatuta-.

Hauek dira proiektu horiek: industria-modernizazioa eta industria-lurzoruen eta -eraikinen berreskurapena; dibertsifikazio ekonomikoa: nekazaritzako elikagaien sektorea; dibertsifikazio ekonomikoa: turismoaren eta merkataritzaren sektorea; dibertsifikazio ekonomikoa: kultura-sektorea; enplegua eta lanbide-heziketako proiektuak; gizarte-kohesioa: etxebizitza sozialak; hiri-berroneratzea auzo ahuletan, eta ingurumena eta mugikortasun iraunkorra.

28,49 milioiko inbertsioa

Horretarako, eskualdeko talde eragile bat jarriko da martxan, proiektuen eskualdeko ikuspegia koordinatu eta bultzatzeaz arduratuko dena. 24 milioi euro horiez gain, inplikatutako gainerako erakundeek beste 4,49 milioi euro jarriko dituzte; beraz, Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planak 28,49 milioi euroko inbertsio publikoa izango du, Legebiltzarreko ponentzian ezarritako 24/26 milioi euroko aurrekontu-tartearen gainetik.

Une horretatik aurrera, Jaurlaritzak eta Arabako eta Bizkaiko Aldundiek behin betiko dokumentua aurkeztuko diete eskualdeko udalei, haiek ere parte hartuta. Izapide hori egin ondoren, proiektuak behin betiko onartu eta abian jarriko dira. Proiektuak gauzatzeko epea hiru urtekoa izango da, 2022-2024 bitartean.

Aldi berean, eta ponentzian onartutako txostenarekin bat etorriz,
Legebiltzarrean, epe ertainerako eskualdeko plan estrategiko bat prestatzen ari dira, eta bertan sartuko da Berehalako Jarduera Plan hau.

Egilea Andoni Beitia