Repapel egitasmoak ekonomia zirkularra garatu nahi du

1982an Ondoan enpresa sortu zen ingeniaritza-zerbitzuak garatzeko, eta hasieran uren tratamendu eta arazketan aritu zen. 40 urtetan zehar, hazi egin da, Ondoan Taldea sortuz, hainbat arlotan zerbitzu, prozesu eta sistema berriak txertatu ondoren, hala nola instalazioen ingeniaritzan, ingurumenean edo mantentze-lanetan. Pedro Gurrutxaga Arruza Ondoan Taldeko garapen korporatiboko zuzendariak gogorarazi duenez, “azken hamarkadan energiaren eta barneko ingurumen-kalitatearen zerbitzuekin osatu ditugu”. Ildo horretan, jarduera-eremuak anitzak izan dira: Industria eta eraikuntza berezia, segurtasuna, osasuna, azpiegiturak eta energia- eta ingurumen-zerbitzuak.

Gaur egun Zamudioko enpresak, Repapel ekimenaren bidez, euskal papergintzaren sektorean ekonomia zirkularra garatzeko helburua ezarri du, pasta eta paperaren hondakin-kateetan dauden balio erantsiko konposatuak berreskuratuz eta erabiliz.

Ondoan Taldea buru duen proiektuak SPRI Taldearen Hazitek I+Grako laguntza-programaren babesa jaso du. Bertan Smurfit Kappa, Zubialde, TSK, Sader, Etxeberria Taldea, Asfaltia, Campezo, Feralco Iberia, Biosyncaucho eta Ekotek enpresek parte hartzen dute. Gainera, Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bi eragilek (Tecnalia Research & Innovation eta CEIT) laguntzen dute, eta Euskadiko Paperaren Klusterraren eta Aclima-Basque Enviroment Clusterraren laguntza dute.

Aurreikusitako 3 urteko iraupenarekin, proiektu estrategiko honek lehen ekitaldia amaitu berri du. Pedro Gurrutxaga Arruzaren arabera, “ekitaldi horretan aurrera egin dute, batetik, lehengoratuko diren hondakin-kateetan dauden materialen karakterizazioan”, eta, bestetik, “aurreikusitako aplikazioetan lehengai gisa erabiltzeko bete beharko dituzten espezifikazioen zehaztapenean”.

Finkatzearen aldeko apostua

Ekimenak tratamendu-teknologiak garatuko ditu bigarren urtean. Eta azken urtean helburua probak egitea eta emaitzak baliozkotzea izango da. “Halaber, erabakiak hartzeko tresna bat garatzen ari gara, sektoreko industriek paper-hondakinen kudeaketa zirkularra egin dezaten. Tresna hori dagoeneko diseinatzen hasi gara”, garapen korporatiboko zuzendariak aurreratu duenez.

Gaur egun, Ondoan Taldeak 400 langile inguru ditu, eta sektore-maila zabal batentzat egiten du lan, zeharkako eskaintza baitu, prozesu anitzei lotutako produktu eta zerbitzu orokorrekin.

Euskal enpresak Estatuan eta nazioarteko merkatuan egiten du lan, eta “2016az geroztik Mexikon, Egipton eta Marokon egin dugu lan; hain zuzen ere Marokon ari gara buru-belarri”, Pedro Gurrutxaga Arruzak aitortu duenez. Egoera pandemikoa dela eta, enpresak merkatu horietan finkatzearen aldeko apustua egin du, eta ez du planteatzen herrialde berrietara egoitzak irekitzea.

Bere ibilbide osoan, 40 urtekoa, Ondoan Taldeak I+G+Bren aldeko apustua egin du, bere balio-proposamena eguneratzeko eta hobetzeko, bai eta bere prozesuen eraginkortasuna areagotzeko ere. Azken urteotan, enpresak apustu hori indartu du, “garatutako berrikuntza-proiektuen kopurua eta kalitatea handituz, eta hori funtsezkoa da gero eta aldakorragoa eta lehiakorragoa den ingurune batean agertzen zaizkigun erronkei erantzuteko”, aitortu du.

Ondoan Taldea 2021- 2024 plan estrategikoan murgilduta dago gaur egun, eta plan horren helburu nagusia proiektua indartzea da, hau da, “posizioak finkatzea eta errentagarritasuna hobetzea”, Pedro Gurrutxagak zehaztu duenez.

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.