Mauritaniarekin egindako arrantza-akordio berria, positiboa

Izaskun Bilbao Barandica EAJko eurodiputatuak azpimarratu duenez, Mauritaniarekin egindako arrantza-akordio berriak “gardentasuna eta tokiko industriarekiko lankidetza hobetuko ditu”.

Eurodiputatuak, akordio horri buruzko txosten parlamentarioaren txostengileak, akordioaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur arratsaldean Bruselan, Europako Parlamentuko Arrantza Batzordean.

Zehaztu duenez, itunak “74 milioi euro injektatuko ditu urtero datorren bosturtekoan herrialdean, zuzeneko ordainketak eta tokiko industriari laguntzeko programak finantzatzen dituzten partidak batuz”. Gainera, “Batasuneko kide diren hamar estatutan banderapean dauden zazpi azpisektoretako ontziei arrantza-aukerak eskaintzen dizkie”.

Bilbok nabarmendu duenez, “Mauritaniaren eta Europar Batasunaren arteko arrantza-akordioa da hirugarren herrialdeekin sinatutakoen artean garrantzitsuena, eta adibide bat, 30 urte inguruko bizitza-luzeragatik”.

“Herrialdeari 74 milioi euro ematen dizkio urtean, eta edizio honetan hobekuntzak egin ditu, aldeen arteko lankidetza sendotuz eta herrialdeko arrantza-azpiegiturak bultzatuz”, gaineratu du.

Eurodiputatuak azpimarratu duenez, “Ondo funtzionatzen du lankidetzarako tresna gisa, arrantza jasangarria sustatzen baitu arauekin eta ur horietan lan egiten duten itsasontzien lan-baldintzak kontrolatuz eta hobetuz”.

Akordio berriak dakartzan “hobekuntzen” artean, eurodiputatu jeltzaleak nabarmendu du “gardentasun handiagoa” dagoela ur horietan hirugarren herrialdeetako ontzien jarduerei buruz, herrialdeko agintariek “konpromisoa hartzen baitute Europar Batasunarekin (EB) sinatutakotik kanpo lortzen dituzten hitzarmenak argitaratzeko”.

Era berean, “Mauritaniako agintariei laguntza emango dien koordinazio-zelula bat martxan jarriko da, eskala txikiko arrantza-sektoreei eta kostaldeko komunitateei laguntzeko programak gauzatzeko”.

“Lankidetzara bideratutako partidek zortzi esku-hartze ardatz babestuko dituzte, besteak beste, artisau-arrantzategiei eta kostaldeko komunitateei laguntzea, ikerketa zientifikoa indartzea, kontrol- eta zaintza-jarduerak indartzea eta Mauritaniako agintariei laguntza teknikoa ematea”, adierazi du.

Halaber, adierazi duenez, “Testuak Europak lankidetza-programa horiei egiten dien ekarpena ikusaraztea aurreikusten du, emakumeek hasitako ekintzailetzei ematen zaien laguntza indartuko baitute”, eta, aldi berean, azpimarratu du “lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) arauak tokiko tripulazioak kontratatzeari aplikatzea bermatzen dela”, eta horrek, bere ustez, “Arrantzaleen lan-baldintzak hobetuko ditu ur horietan”.

Azkenik, nabarmendu du hitzarmen berri horrek “Erkidegoko ontziek, salbuespenezko inguruabarren aurrean, Mauritaniakoak ez diren portuetan beren harrapaketak deskargatzeko aukera” jasotzen duela, eta klausula bat gehitzen duela “harrapaketen bolumena eta Europak hiru urtera egindako ekarpenak berrikusteko”.

Taldeek hiru aste inguruko epea dute orain euskal eurodiputatuak gaur aurkeztu duen txostenari alegazioak eta zuzenketak aurkezteko. Epeak normaltasunez igarotzen badira, iazko udatik luzatutako akordio berria prest geratuko da datorren udaberrian osoko bilkuran azken bozketa egiteko.