Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) diru-laguntza deialdi bat argitaratu du aste honetan, 135.000 eurokoa eta Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Zerbitzuak kudeatua, partikularrek Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko enklabean sustatutako kultur ondare higiezina kontserbatzeko eta/edo zaharberritzeko esku-hartzeetarako.

Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, diru-laguntza hori iaz onartu zen, ‘A Plana’ izenekoarekin, eta bigarren urtez jarraian deitzen da, 135.000 eurorekin eta eskatzaile bakoitzeko 30.000 eurorainoko laguntzekin.

Ana del Val Kulturako foru diputatuak gogorarazi du laguntza hori izan zela iaz ‘A Plana’ ren berrikuntza nagusietako bat. Gogorarazi duenez, Aldundiak 13 jarduera lagundu zituen diruz 2021ean, eta horiekin “ondarea zaintzeaz gain, ondare arkitektonikoaren zaharberritze eta kontserbazio sektorea ere mobilizatu zen”.

Diputatuak gaineratu duenez, diruz lagundu ezin ziren beste 13 esku-hartze geratu izanak erakutsi zuen programa hori “egokia” izan zela eta denboran iraun behar zuela, ‘A Plana’ ren gainetik.

Diruz lagundutako ondasunen artean honako hauek daude: Gesaltza Añanako Zanbrana-Herrandarren Jauregia, Gesaltza Añanako Fragua, Llantenoko Indianoko Etxea, Gesaltza Añanako errege-kaleko eraikin-multzoa, Arespalditzako Atxa Jauregia, Gasteizko Aiztogile kaleko 40. zenbakian dagoen eraikin bat eta Murgako Arakio auzoko baserri bat.

Eskaerak modu elektronikoan aurkez daitezke, https://egoitza.araba.eus/es/-/subvencionesintervenciones-co… estekaren bidez, eta aurrez aurre, Arabako Foru Aldundiaren Erregistro Orokorrean.

Laguntzen baldintzek ezartzen dute higiezinak katalogatuta egon behar duela eta 2022an zehar gauzatu behar dela jarduketa. Diru-laguntza ez da izango eskatzaile bakoitzeko 30.000 eurotik gorakoa, ezta inbertsioaren kostu osoaren % 80tik gorakoa ere. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaituko da.

Egilea Andoni Beitia