Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneoetan, Euskal AEko industria-produkzioa 2022ko urtarrilean % 7,0 handiagoa izan da 2021eko hil berean baino.

Urtaroen eragina zuzenduta, 2022ko urtarrila eta 2021eko abendua alderaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa %1,5 hazi da.

2022ko urtarrileko indizearen bilakaera, 2021eko urtarrilaren aldean, positiboa izan da industria-sektore handi guztietan. Energia % 14,5 igo da. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea. Ekipo-ondasunak (motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbideko materialen eraikuntza eta aireontziak edo itsasontziak egitea), berriz, % 9,7 igo dira aurreko urteko urtarrilaren aldean.

Kontsumo-ondasunek % 8,8ko gehikuntza izan dute osotasunean; Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 10,9ko igoera izan dute, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 0,9koa. Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak epigrafean honako jarduera hauek ageri dira: elikagaiak prozesatu eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketa eta higienerako produktuen fabrikazioa, eta jantziak egitea. Altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioa, besteak beste, Kontsumo-ondasun iraunkorren sektoreko jarduerak dira.

Makineria eta ekipoa, hazkunderik handiena

Bitarteko ondasunek, zeinetan metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa baitaude, % 2,7ko igoera izan dute.

Maila bereiziago batean, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2022ko urtarrilean urte arteko hazkunderik handiena izan dutenak izan dira Makineria eta ekipoa (% 13,5 gora), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 11,9) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (% 8,5). Beste muturrean, Kautxua eta plastikoak izeneko sektorean bakarrik jaitsi da ekoizpena (% 4,5 behera).

Egilea Andoni Beitia