Ingurumen zergak % 14,1 jaitsi ziren 2020an 2019arekin alderatuta

Euskal AEko ingurumen-zergen zenbatekoa 1.177 milioi eurokoa izan zen 2020an, aurreko urtean baino 193 milioi gutxiago (-% 14,1), Eustatek landutako ingurumen-zergen kontuaren arabera.

Kontu hori ingurumen-kontuen sistemaren parte da, eta Eurostat-en metodologiaren arabera lantzen da. Zerga-oinarri gisa ingurumenaren gainean eragin negatiboa, egiaztatua eta berariazkoa duen materialen baten unitate fisikoa (edo antzekoa) duten zerga guztiek osatzen dute haren esparrua, baldin eta Europako Kontu Sisteman (SEC2010) zergen artean identifikatzen bada.

Ingurumen-zergak hiru kategoriatan biltzen dira, ingurumen-izaeraren arabera: energiaren gaineko zergak, garraioaren gaineko zergak eta kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak.

Ingurumen-zerga motei dagokienez, energiaren gaineko zergek jaso dute zenbatekorik handiena: 1.011 milioi euro izan ziren 2020an, hau da, ingurumen-zerga guztien % 85,9. Gainera, 2019. urtearekin alderatuta, zerga horiek izan dute jaitsierarik handiena, % 15,3koa. Jaitsiera hori hidrokarburoen gaineko zerga bereziaren bilakaeraren ondorio zuzena da. Zerga berezi hori, 826 milioi eurorekin, energiaren gaineko zergen % 81,6 da, eta % 19,6ko beherakada izan zuen, hau da, 2019an baino 201 milioi euro gutxiago. COVID 19aren ondoriozko ekonomia- eta osasun- egoerak zergapeko produktuen kontsumo txikiagoa ekarri zuen eta, ondorioz, zerga-bilketa txikiagoa. Horren atzetik datoz, talde horretan, energia elektrikoaren produkzioaren balioaren gaineko zerga eta berotegi-efektuko gasen emisio-eskubideak. Horiek % 31,3 hazi dira aurreko aldiarekin alderatuta, hau da, 23 milioi euro.

Garraioaren gaineko zergak

Bigarrenik, garraioaren gaineko zergak daude, ingurumen-izaerako zerga guztien % 13,1 ekarri zuten, eta 154 milioi euroko zenbatekoa izan zuten 2020an, aurreko urtean baino % 6,5 gutxiago. Kategoria horren barruan, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga da zerga nagusia, 138 milioi euro bildu baitzituen 2020an —zerga kategoria horren % 89,4—.

Azkenik, kutsaduraren eta baliabideen gaineko zergak ditugu, ingurumen-izaerako zerga guztien % 1,0 dira, eta 2020an % 5,5 hazi dira, aurreko urtearekin alderatuta; 12 milioi euroko zenbatekoa izan dute. Kanonen igoerak eragin du hazkunde hori.

2020an ingurumen-zergak Euskal AEko zerga guztien % 7,5 izan ziren, hau da, 2019an baino 5 hamarren gutxiago (% 8,0).

Zerga motaren araberako sailkapenari dagokionez, produktuen gaineko zergetan, BEZa salbu, eta inportazioen gaineko zergetan biltzen dira ingurumen-izaerako zerga gehien; 2020an, mota horretan kontabilizatutako zergen % 51,6, ingurumen-zergei zegozkien, guztira 968 milioi eurorekin. Nabarmendu behar da 2020an % 17,8ko beherakada izan dutela.

Fiskalitate berdea

Beste zerga arrunt batzuen atalean, ingurumen-zergak % 42,7 izan ziren, eta 138 milioi euroko zenbatekoa izan zuten. 2019. urtearekin alderatuta, igoera txiki bat izan zuten (+% 0,6). Azkenik, produkzioaren gaineko beste zerga batzuetan, zerga horien % 10,3 ingurumen-zergei zegozkien, hau da, 71 milioi euro. 2019. urtearen aldean, % 27,6 gehiago.

Fiskalitate berdea —ingurumen-zergen ondorioz bildutako zenbatekoaren barne-produktu gordinaren gaineko ehuneko gisa neurtua— Euskal AEn % 1,65ekoa izan zen 2020an, eta ehuneko hori Europako ia herrialde guztien azpitik dago, Alemaniaren azpitik (% 1,71), Espainiaren azpitik (% 1,75), Frantziaren azpitik (% 2,18) edo Suediaren azpitik (% 2,02), besteak beste. EB-27aren batez bestekoa % 2,24koa izan zen. Edonola ere, Euskal AEko tasa Irlandakoa (% 1,21) eta Luxenburgokoa (% 1,39) baino handiagoa izan zen. Taularen goialdean Grezia, Kroazia edo Danimarka gisako herrialdeak daude, % 3tik gorako tasekin.

Ingurumen-zergak lurralde historikoen arabera banatuta, ikus daiteke, 2020an, Bizkaian metatzen dela guztizkoaren % 53,4, Gipuzkoan % 32,1 eta Araban % 14,5.

Gainera, zergen beherakada, lehen aipatu dugunez, % 14,1ekoa izan arren, nabarmentzekoa da Arabako beherakada (-% 17,6), Gipuzkoakoa (-% 16,1) eta, azkenik, Bizkaikoa (-% 11,8).