Euskadiko bosgarren Ekoturismo Foroa hasi da Gasteizen

Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak elkarlanean antolatutako Euskadiko Ekoturismo Foroaren bosgarren edizioa egin da Europa jauregian. 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, eta Gaztela eta Leon da helmuga gonbidatua.

Gasteizko Udala eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia elkarlanean aritu dira 20 aditu eta erakunde ordezkari baino gehiago bilduko dituen programa diseinatzeko. Foroa formatu hibridoan izanda -aurrez aurre eta sarean-. Iaz, pandemia zela eta, erabat sarean egin zen. Kalera ere iritsi da foroa, bosgarren edizio honetan. Ekoturismoan espezializatutako enpresek artatutako informazio gune baten bitartez, hain zuzen ere. Andre Maria Zuriaren plazan dago, hilaren 13a arte. Argazki erakusketa bat ere jarri da espazio horren ondoan.

Maider Etxebarria Gasteizko lehen alkateordeak parte hartu du foroaren irekiera ekitaldian, eta eskerrak eman dizkie egungo inguruabarrak gorabehera turismo arduratsuaren aldeko apustua egiten jarraitzen duten enpresa, elkarte eta pertsona guztiei. Orobat, adierazi du duela hamarkada bat Green Capital izateko aukera eman zion estrategia iraunkorrari eutsiko diola Gasteizek, eta gogorarazi du Ekonomia Sustapenerako Sailak 2,8 milioi euroko laguntza eskuratu duela Europan, turismo sektoreari laguntzeko.