Euskal BPGdk behera egin du 2018tik

Euskal AEko ekonomiak bere inguruko ekonomiekin (Espainiakoarekin eta Europakoarekin batez ere) dauzkan harreman estuen ondorioz, bere portaerak eta bilakaerak haiekin harreman estua daukate. 2020an COVID-19aren pandemiaren ondorioak adierazle ekonomiko gehienetan nabarmendu dira. Ondorio horiek antzekoak izan dira EBko herrialde guztietan eta EAEn.

EAEko biztanleko BPGd 112koa izan zen, 2020an, Erosteko Ahalmenaren Parekotasunaren (EAP) arabera neurtuta; horrek esan nahi du EB-27ko herrialdeetatik bederatzik baino ez zutela gainditzen. Kontuan izan behar da 100eko balioa erabiltzen dela erreferentzia gisa EB-27ko herrialde guztietarako. Espainiak 86ko balioa markatu zuen rankingean.

EAEko biztanleko BPGd-k bilakaera positiboa izan zuen 2013-2017 aldian, baina behera egin du 2018an eta 2019an; eta nabarmen 2020an -Covid-19aren pandemian-. Hala, 2013an 117ko balioa harrapatu zuen, 2014an eta 2015ean 118koa, 2016an eta 2017an 119koa, baina 2018an eta 2019an 118koa berriro; eta 112ra jaitsi da 2020an.

Barne produktu gordina

EAEko administrazioen zor publikoa, Barne Produktu Gordinaren (BPGd-ren %) ehuneko gisa neurtuta, % 16koa izan zen 2019an, aurreko urtean baino 1,5 puntu txikiagoa (% 17,5). Zor publikoa Barne Produktu Gordinaren % 77,5koa zen EB-27an, eta Espainian, berriz, % 95,5ra iritsi zen 2019ko urte horretan.

Defizit publikoa

Defizit publikoa honela ulertzen da: Barne Produktu Gordinaren portzentajean (BPGd-ren %) neurtutako finantzaketa publikoaren gaitasuna/premia.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen defizita, 2019an, BPGd-ren % 0,8 izan zen, 0,4 puntu handiagoa aurreko urtean baino (% 0,4).

Europar Batasuneko 27 herrialdeek osatutako multzoan, BPGd-ren defizita ehuneko 0,1 puntu igo zen, 2018an % 0,4 izatetik 2019an % 0,5 izatera. Espainiari dagokionez, defizita 0,4 puntu portzentual igo zen, hau da, 2018an BPGd-ren % 2,5 izatetik 2019an % 2,9 izatera.

Kapitalaren eraketa gordina

Kapital Finkoaren Eraketa Gordina (KFEG), Barne Produktu Gordinaren portzentajean neurtuta (BPGd-ren %).

Kapitalaren eraketa gordina (inbertsioa) BPGd-ren % 24,2ra iritsi zen EAEn 2020an. Bestalde, EB-27an, BPGd-ren % 21,9raino iritsi zen urte horretan, eta Espainian, berriz, bien bitartean, % 20,3ko zifra harrapatu zuen.

Barneko I+Gko gastua (Ikerketa eta Garapen Teknologikoa) Barne Produktu Gordinaren ehuneko gisa neurtuta (BPGd-ren %).

BPGd erreferentzia gisa hartuta, EAEko I+Gko gastua % 2,08ra iritsi zen 2020an, 2019an markatutako % 1,86 baino ehuneko 0,22 puntu gehiago. Europar Batasunarekin (EB-27) alderatutako azkeneko datuak 2019koak dira: EB-27an, aipatutako urte horretan, BPGd-ren % 2,23n kokatu zen; Espainian, ordea, % 1,25an geratu zen datua.