Aurten, Gipuzkoako Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Fellows programara. Programa horren helburua da doktoretza ondoko prestakuntza eta nazioartean garrantzia duten ikerketa taldeetan esperientzia dituzten langileak Gipuzkoako ikerketa taldeetara bideratzea, eta, horrela, haien maila zientifikoa handitzea. Bi ekintza lerro izango ditu oraingoan ere: batetik, talentua erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan integra daitezen; eta, bestetik, talentua atxikitzea, hiru urtez beren taldeetan mantentzen laguntzeko.

Deialdia Gipuzkoako teknologia zentro, unibertsitate, IKZ, BERC, osasun ikerketako institutu edo enpresetako I+G unitateei zuzenduta dago, eta goi mailako talentua erakartzen eta finkatzen laguntzea du helburu. Ikertzailearen lehenengo urteko kontratazio gastuen % 100 finantzatzen da, betiere azken 3 urteetan Euskadin 6 hilabete baino gehiago lan egin ez badu; kontratazioaren bigarren urtean, gastu horien % 80, eta hirugarren urtean, gastuen % 70; horrela, zentroek ikerketa lanak epe luzeagoan egiten jarraitu ahal izango dute. Aldundiak iazko zuzkidura ekonomikoari eutsi dio, aurreko deialdian programari atxiki zitzaizkion ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko.

Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoarekin duten lotura, eta bereziki sustatzen da emakumeen laneratzea, eremu horretan dagoen genero arrakalari aurre egiteko. Aurten, berritasun gisa, Gipuzkoako Aldundia lanean ari da programa honi atxikitzen zaizkion pertsonek programaren amaieratik haratago jarraitzeko aukera izan dezaten, Ikerbasque Fundazioarekin lankidetzan, Fellows Gipuzkoako ikertzaile gisa bigarren urtean zehar ebaluatu ahal izateko. Une honetan 13 ikertzaile daude Fellows programak finantzatuta, eta horietatik 5 emakumeak dira. 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoara 48 ikertzaile ekartzeko laguntza eman da.

Egilea Admin