Hil honen 25ean amaituko da landa-udalerriak garatzeko laguntzak eskatzeko epea

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hilaren 25ean itxiko du Leader eremuko landa-udalerrien ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzen 2022rako deialdiaren eskabideak aurkezteko epea.

Ekimen honek 9 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du, eta 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programaren barruan dago. Programa horrek indarrean jarraituko du aldi iragankorrean, 2023an NPB berria abian jarri arte.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kudeatzen ditu, Mendinet Tokiko Ekintza Taldearekin batera, eta laguntza horien helburua ekintzailetza, kontratazioa, etxebizitza eskuratzea, enpresak sortzeko, handitzeko eta modernizatzeko inbertsioak eta oinarrizko zerbitzuen azpiegituretan eta landa- eta itsasertz-ingurunearen berrikuntzan laguntzea da.

Jaurlaritzak azaldu duenez, Leader eremurako hautatutako euskal udalerriak hartzen ditu aplikazio-eremu geografikoak. Guztira, 122 udalerritan 93.000 pertsona baino gehiago bizi dira.

Udalerrietan egitasmoak garatzeko laguntzak

Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, eta pertsona fisiko edo juridikoek, publiko zein pribatuek, nortasun juridikoa dutenek edo ez dutenek, edo edozein motatako unitate ekonomikoa edo ondare bereizia dutenek jaso ahal izango dituzte, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, udalerrietan aurreikusitako proiektuak eta jarduerak egin baditzakete.

Aurrekontu-zuzkidurako 9.112.000 euroetatik, honako hauetara bideratuko dira: ekintzailetza bultzatzeko laguntzetara 140.000 euro, enpresak sortzeko, handitzeko eta modernizatzeko inbertsioetarako laguntzetara 3.180.000 euro, besteren konturako kontrataziorako laguntzetara 60.000 euro, udalerrietako azpiegituretarako, oinarrizko zerbitzuetarako eta berrikuntzarako laguntzetara 5.432.000 euro eta etxebizitzarako laguntzetara 300.000 euro.

Pertsona fisikoek aurrez aurre aurkez ditzakete eskabideak, bai Mendinet Landa Garapenaren Aurrerapenerako Elkartearen aurrean, bai elektronikoki (www.euskadi.eus/servicios). Bestalde, pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek kanal elektronikoaren bidez izapidetu behar dituzte.