Gasteizko Villa Suso Jauregian ospatu zen joan den ostiralean ‘Gasteiz Green Deal Youth Challenge’ delakoaren finala. Nazioarteko udal-deialdia da, startup-ei zuzendua, eta 18 eta 35 urte bitarteko pertsonek bultzatutako proiektu originalak eta berriak suspertzeko eta laguntzeko eta ekonomia berdean, talentuan eta berrikuntzan oinarritutako ekimenak bultzatzeko pentsatua.

Udalak jakinarazi duenez, zazpi enpresa finalistek epaimahaiaren aurrean erakutsi zituzten beren proiektuak, eta epaimahai horrek jakinarazi zuen zeintzuk ziren hautatuak, eta 16 asteko azelerazio-prozesu batez gozatuko dute. Prozesu horretan, mentoreen eta adituen laguntza izango dute aurrera ateratzeko. Azkenik, hiru izan ziren saritutako proposamenak: Powerful Tree, Hobeen eta Dryfing.

Lehenengoak energia berriztagarriak garatzen ditu eta laboreak teknifikatzen ditu 4.0 nekazaritzan oinarrituta. Bestalde, Hobeen etxeei zuzendutako energia-eraginkortasuneko plataforma bat da, eta Dryfing ur-kirolen sektoreko neoprenozko jantziak garbitu, desinfektatu eta lehortzeko makina diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzeko startup bat da.

“Talentua erakarri eta berrikuntzan eta ekonomia berdean oinarritutako enpresen sorrera sustatu nahi genuen, ‘Vitoria-Gasteiz Green Deal’ filosofiarekin bat zetozenak. Itun horrekin, hiri berdetik ekonomia berdera igaro nahi dugu. Horregatik, prozesu hau bultzatzen dugu, Gasteizek arlo horretan erreferente izaten jarrai dezan lagundu nahi duten gazteen ideiak ezagutzeko “, adierazi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Gasteizko Udalaren ekimen hau erakunde publiko batek bultzatutako startupak bizkortzeko lehen programetako bat da, eta BerriUP enpresaren laguntza teknikoa du, esperientzia handia baitu arlo horretan.

Egilea Andoni Beitia