Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onartu duenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2,2 milioi euro bideratuko ditu lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak finantzatzeko. Prestazio horiekin 1.500 pertsona inguru kontratatzea aurreikusten da.

Laguntza horien helburua seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileak ordezkatzea da.

Horrela, langabe gisa inskribatutako pertsonak kontratatzeko eta aurretik lanaldi partzialerako kontratatutako langile baten lanaldia luzatzeko diru-laguntzak emango dira.

2021eko deialdian diruz lagundutako kontratuak 853 izan ziren, horietatik 674 emakumeak eta 179 gizonak. 253 enpresak jaso zituzten laguntza horiek, 1,14 milioi euro guztira.

Diruz lagundutako kontratu guztietatik, 195 eszedentziak ordezkatzekoak izan ziren, eta 658, lanaldia murriztekoak. Kasu gehienetan (838) seme-alabak zaintzeko arrazoia izan zen.

Bestalde, Jaurlaritzaren Kontseiluak Lanbideko Administrazio Kontseiluaren akordio bat berretsi du, 500.000 euro esleitzen dituena langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen duten pertsonen Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko diru-laguntzak finantzatzeko.

2021eko deialdian, lan elkartuko kooperatibetan edo lan-sozietateetan bazkide langile gisa sartu ziren edo langile autonomo gisa eratu ziren 538 langaberen kuotak diruz lagundu ziren, eta 161.500 euroko aurrekontua gauzatu zen.

Gobernu Kontseiluak ere oniritzia eman dio Lanbidek Sintel enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpeko langileei laguntza bereziak emateari. Deialdiaren zenbatekoa 28.800 eurokoa da.

Egilea Andoni Beitia