Mercadonak 680 milioi euroko irabaziekin itxi zuen 2021eko ekitaldia, 2020an baino % 6 gutxiago, besteak beste lehengaien eta garraioaren prezioen igoeraren eraginez, nahiz eta salmenta gordinak % 3,3 igo zituen 27.819 milioiraino.

Juan Roig konpainiako presidenteak atzo Paternan, Mercadonaren urteko emaitzen aurkezpenean, 1.400 milioiko mozkin “partekatua” azpimarratu zuen, 680 milioi horiei langileen primetan 375 milioi eta zergetan 345 milioi gehituta.

Roigen arabera, 2020an ikasitako covid-aren kudeaketarekin “aurreikus daitekeen” agertokiari seigarren olatua gehitu zitzaion 2021ean, kutsatutako langileen % 5ekin; energiaren (+%36), lehengaien (+%28) eta garraioaren (+%65) kostuen igoera, eta KPI % 5 inguru.

Bere datuen arabera, konpainiak batez beste % 2ko igoera izan zuen 2021ean, marjina % 0,4 murriztuta eta 100 milioiko eraginarekin.

Zergei dagokienez, Roigek zehaztu zuen Mercadonak 345 milioiko ekarpena egin zuela iaz sozietateen gaineko zergan eta 787 milioikoa Gizarte Segurantzan, eta, horrez gain, 395 milioikoa PFEZn eta 333 milioikoa BEZean. 2021ean merkatu-kuota % 27,1ekoa izan zen, % 0,8ko hazkunde arinarekin.

Inbertsioak 2021ean, konpainiak 79 lokal ireki zituen, 58 itxi, 84 berritze-lanei ekin eta 1.662 dendarekin amaitu zuen ekitaldia. Horietan 1.200 milioi inbertitu ziren lokalen, erreforma logistikoen eta eraldaketa digitalaren artean.

Guztira 96.000 langile daude, 2021ean 1.000 lanpostu sortu dira, % 2ko txandakatze-indizea dago eta 93 milioi euro inbertitu dira prestakuntzan.

Emaitzen aurkezpenean, Juan Roigek gogorarazi zuen 2021 “oso zaila” izan dela eta 2022 hau “oso zaila” dela, covid-ari eta kontsumoko prezioen igoerari Ukrainako gerra gehitu baitzaie, eta horrek “erabakiak hartzera behartzen du”, “Kalitatea ukitu gabe eta prezioak artifizialki igo gabe”.

Egilea Andoni Beitia