Eusko Jaurlaritzak espero du datorren astean laguntza berriak iragartzea Errusiak Ukraina inbaditu izanak bereziki kaltetzen dituen euskal enpresentzat.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian azaldu duenez, Errusiak Ukraina inbaditzeak Euskadiko ekonomian dituen ondorioen azterketa “sektoriala eta puntuala” egiten jarraitzen du Jaurlaritzak.

Europa mailan har daitezkeen erabakien zain egon behar dela gogorarazi du, batez ere energiaren prezioaren desakoplamenduari lotutako neurriei dagokienez, baita “Estatu mailan, joan den igandeko presidenteen konferentzian adostutakoaren ildotik” aktibatu daitezkeen beste neurri batzuen zain ere.

Zupiriak aitortu duenez, “Segur aski” beharrezkoa izango da Euskadik “neurri eta tresna propioak” ezartzea hain egoera “apartari” aurre egiteko.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak “finantzaketa-tresna berriak aktibatuko” dituela aurreratu du. Tresna horiek Finantzen Euskal Institutua aztertzen ari da orain, eta gerrak eragindako merkatuetan jarduten duten enpresei laguntzeko erabiliko lirateke.

Energiaren kostuak, arazo larria

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak dei egin die euskal enpresei Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako programez balia daitezen, energiaren kudeaketa hobetzeko 150 milioi euroko muntarekin.

Zupiriak gogorarazi duenez, “Enpresen lehiakortasuna ahultzen ari den alderdietako bat kostu energetikoei lotutakoa da”, eta, beraz, enpresek EEEren programak aztertzea komeni dela nabarmendu du.

Argitu duenez, laguntza horiek ez dituzte berehala asetzen enpresek une honetan dituzten beharrak, baina laguntzen dute “epe ertainean konpainien beharrei irtenbideak eman ahal izateko energia-sistemak ezartzen”.

Industria-sektoreko energia-eraginkortasunera bideratutako laguntzak dira, 61 milioi eurorekin; ordezko ibilgailuen plan bat dago, autokontsumorako eta energia-iturri berriztagarrien bidezko biltegiratzerako laguntzak, fatxadak birgaitzeko eta garraio-flotak eraldatzeko laguntzak.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aditzera eman duenez, gerraren ondorioen jarraipen sektorial horren barruan, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua lehen sektoreko ordezkariekin bilduko da bihar, eta logistikaren arlokoekin ostegunean.

Egilea Andoni Beitia