Gerrak eragindako krisia aztertzeko bilera sorta hasi du Gipuzkoak

Foru Aldundiak lan-bileren erronda hasi du joan den asteazken honetan Gipuzkoako eragile ekonomikoekin, gerrak Ukrainan lurraldeko enpresen jardueran duen eraginaren jarraipen zehatza egiteko, enpresen egoera zuzenean entzuteko, eta egungo egoera ekonomikoaren ondorioak arintzeko jarduerak elkarrekin egiteko.

Markel Olano ahaldun nagusiak “kezkatzeko baina, aldi berean, konfiantza izateko” mezua helarazi du, eta egungo egoerari aurre egiteko “maila guztietako lankidetza indartzearen” aldeko apustua egin du.

“Ziurgabetasun handiko uneak bizi ditugu, baina Gipuzkoa prest dago erantzun ekonomiko, sozial eta solidarioa emateko. Krisiak eragindako beharrei erantzuteko ez ezik, etorkizuneko lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarriak ezartzea eragingo diguten eraldaketa handiak bizkortzeko lanean jarraituko dugu “, ziurtatu du.

Olano, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiorde eta Ingurumeneko diputatuarekin, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuarekin eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako zuzendariarekin batera, hainbat eragile ekonomikorekin bildu da, krisiak lurraldeko industria-sarean duen eragina aztertzeko.

Bertan parte hartu dute Eduardo Junkerak eta Jose Miguel Ayerzak, Adegiko presidente eta zuzendari nagusiak; Iñigo Ucinek, Mondragon Korporazioko presidenteak; Pedro Esnaolak eta Javier Zubiak, Gipuzkoako Ganberako presidente eta zuzendari nagusiak; Xabier Ortuetak, AFM Makina-Erremintaren klusterreko zuzendariak, eta Jone Noltek eta Anabel Yoldik, ASLE Euskadiko Lan Elkarteen Elkarteko gerenteak eta Gipuzkoako arduradunak.

“Ukrainako gerra, lehen mailako drama humanitarioa izateaz gain, gure sare ekonomikoaren indarra probatzen hasi da, lehen ere energia eta lehengaien hornidurarekin, inflazioarekin eta logistikarekin lotutako arazoak areagotuz. Faktore horien batuketak kezka nabarmena sortzen du, enpresen jarduera zailduz “, ziurtatu du foru arduradun nagusiak.

Hala ere, nabarmendu duenez, Gipuzkoako industriak “dagoeneko erakutsi zuen bere erresilientzia pandemian, azkar suspertuz eta 2019an zituenen antzeko mailetara iritsiz”, eta “erabat” fidatu da “erronka berri honetara egokitzeko” gaitasunean. “Diputaziotik inoiz baino hurbilago egongo gara, beste erakunde eta eragile batzuekin elkarlanean, gure industria-sarearen lehiakortasuna blindatzeko”, azpimarratu du Olanok.

Industria sarearen eta enpresen “egoera eta kezkak bertatik bertara” ezagutu ondoren, Foru Aldundiak analisi bat egiteko konpromisoa hartu du, horiei “azkar” erantzuteko.

“Energia asko eskatzen duten industriek bizi dute une honetan egoerarik larriena. Horregatik, gure jarduna egoera horri erantzun sendoa emateko egokituko dugu. Pandemiaren krisian egin genuen bezala, gure konpromisoa da egoera berri honetan ere etengabeko komunikazioan eta hurbiltasun osoz lan egingo dugula erantzun eraginkor bat artikulatzeko, betiere gainerako erakundeekin lankidetzan “, gaineratu du ahaldun nagusiak.
“NEURRI KOORDINATUAK ETA ERAGINKORRAK”

Halaber, Markel Olanok bat egin du Eusko Jaurlaritzarekin Gobernu zentralari eta Europar Batasunari “ahalik eta azkarren” neurri “koordinatu eta eraginkorrak” eskatzeko orduan, “Energiaren garestitzeak etxeetan, industrian eta beste sektore ekonomiko batzuetan duen eragina arintzeko”.

Joan den asteazken honetako bilera ez da azkena izango; izan ere, covid-19aren agerpenaren aurrean egin zuen bezala, Aldundiak eragile, elkarte sektorial eta enpresa gehiagorekin kontaktuen agenda bat egituratzea aurreikusten du,