Euskara, finantza-eremutik gertuago

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmena sinatu du Bankoa Abanca, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxarekin, euskararen erabilera sustatzeko eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria, Bankoa Abancako Euskara koordinatzaile Ana Urkiza, BBVAko Iparraldeko lurralde-zuzendari Carlos Gorria, Caixabankeko Negozio arloko zuzendari Igor Goienetxe, Kutxabankeko Red Minorista zuzendari nagusi Eduardo Ruiz de Gordejuela, Laboral Kutxako Pertsonal Saileko zuzendari Iñaki Saingizabal eta Caja Rural-eko arduraduna izan dira prentsaurrekoan.

Bere hitzaldian, Zupiriak gogorarazi du aurten 40 urte beteko dituela Eusko Legebiltzarrak 1982an onartutako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legeak.

“Gure erkidegoan euskararen erabileraren normalizazioaren oinarria izan den lege hark erakunde publikoei eskatzen die neurriak har ditzatela euskararen erabilera eremu guztietan normalizatzeko, eta administrazio publikoei eskatzen die behar diren neurriak har ditzagun pertsona guztien hizkuntza-eskubideak ziurtatzeko, baita kontsumitzaile eta erabiltzaileenak ere, eta, kasu honetan, hizkuntza-eskubidea ziurtatzeak esan nahi du errespetatu egin behar dela herritarrak aukeratu duen harremanetarako hizkuntza”, adierazi du.

Gainera, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren “2020-2023 Eremu Sozioekonomikoan Euskara Sustatzeko Planak” eta XII. legegintzaldirako Gobernu Programak “euskararen ezagutza areagotzeko konpromisoa” ezartzen dutela, “Euskararen erabilera bereziki azpimarratuz arlo sozial eta kulturalean, ekonomikoan, digitalean eta sektore publikoan”.

Zupiriak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak apustua egin duela Euskadin dauden “finantza-erakundeekin duen harremana sendotzeko” eta “herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko bide horretan erakunde horiekin eratutako foroa sendotzeko”.

Sailburuak adierazi duenez, “Azken bost urteetan ugaritu egin da baterako jarraipen-batzordeen maiztasuna, eta akordioa berritzeko konpromisoa elkarrekin hartu genuenetik, 2021etik, ugaritu egin ditugu lankidetza-foroak”.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak finantza-erakundeekiko lankidetza indartzeko zerbitzu tekniko bat jarri zuen martxan iaz. Foro edo lantalde horien xedea izan da “jardunbide egokiak partekatzeko eta finantza-erakundeek dekretua gehiago betetzeko behar diren baliabideak ematea”.

Euskara sustatzeko konpromisoa

Bingen Zupiriaren hitzetan, bere sailaren jarrera “kasu guztietan adostasun eta ulermen foroak bultzatzea izan da, da eta izango da, baina bereziki gure bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera sustatzearekin zerikusia duena”.

Hitzarmen hau sinatzean, finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute parte hartzen duten edo babesten dituzten ekintza eta proiektuetan euskararen presentzia sustatzeko eta bermatzeko.

Guztira, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu duten erakundeek bost konpromiso nagusi hartu dituzte beren gain; lehenengoa, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzea herritarren hizkuntza-eskubideen arloan.

Era berean, konpromisoa hartzen dute euskararen defentsaren aldeko ekimenak sustatzeko eta horietan aktiboki parte hartzeko, bai eta beren erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko plan bat egin eta izapidetzeko ere. Orain arte planik izan ez dutenak diagnostiko batekin hasiko dira eta ondoren plana garatuko dute.

Sinatzen duten finantza-erakundeak, ahal den neurrian, udalerrietako, UEMAko eta EUDELeko euskara-zerbitzuekin elkarlanean arituko dira euskararen erabilera sustatzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Bezeroekiko harremanetan hizkuntza-eskubideak bermatzen saiatzeko konpromisoa ere hartzen dute.

Berrikuntza esanguratsua

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, atzo aurkeztu zuen hitzarmenak “berrikuntza esanguratsu” bat dakar: “Finantza-erakunde guztiek konpromisoa hartu dute euskara beren erakundeetan bultzatzeko: barrura begira, euskara lan-hizkuntza izan dadin, eta kanpora begira, euskara zerbitzu-hizkuntza izan dadin kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan”.

Horretarako, “Erakunde guztiek euskara plan bat egiteko eta garatzeko konpromisoa hartu dute”. “Horretan eragin nahi du Eusko Jaurlaritzak, uste baitugu euskara-planak tresna ezin hobeak direla hizkuntzen, euskararen eta gainerako hizkuntzen kudeaketa hobetzeko eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza-zerbitzua eskainiko die erakunde sinatzaileei, beren jarduerak eta euskara-planak gara ditzaten. Helburua da eskaintzen dituzten zerbitzuen eskaintza elebiduna pixkanaka handitzea eta finantza-erakundeetan euskara lan-hizkuntza gisa garatzea.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen 2007an hiru aurrezki-kutxarekin, eta 2015ean bederatzi finantza-erakunderekin. Asteazken honetan aurkeztutako hitzarmena lau urterako egongo da indarrean, eta harekin bat egiteko interesa duen beste edozein finantza-erakundek sinatu ahal izango du.

Jarraipen-batzorde bat arduratuko da hitzarmenaren jarraipenaz eta ebaluazioaz, eta urteko lan-plana Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ezarritako zerbitzu teknikoaren bidez egingo da. Zerbitzu tekniko hori erakunde bakoitzaren beharrei erantzuteko sortu da.