I+Gko inbertsioa, guztira, 1.637 milioi eurokoa izango da aurten Euskadin, hau da, 2021erako kalkulatutako kopurua baino % 5,2 gehiago, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren kalkuluen arabera.
Agentziak bilera egin zuen asteartean Zamudioko parkean, euskal I+Gko 12 enpresa bultzatzaileekin batera: Aernnova, Arteche, Mondragon Korporazioa, Faes Farma, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Sener, Sidenor Aceros Especiales, Tubacex Group eta Velatia.
Gorakada horren arrazoia da, batetik, euskal enpresek 881 milioi inbertituko dituztela, hau da, I+Garen finantzaketa enpresarialaren maximo historikoa Euskadin, aurreko ekitaldian baino % 4,3 gehiago. Finantzaketa publikoa – Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak eta Estatuko Administrazio Orokorra – % 6,3 haziko da, 567 milioira iritsi arte.
Nazioarteko jatorria duen finantzaketa 146 milioira iritsiko da (2021erako egindako estimazioa baino % 7,6 gehiago), Horizonte Europa Europako Batzordearen berrikuntzako esparru-programa berriaren ekarpenei esker. Gainerako inbertsioa, 43 milioi, goi-mailako irakaskuntzatik eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuetatik datozen funtsek jarriko dute.
Kontuan hartu behar da, halaber, Estatuak kudeatzen dituen NextGenerationEU funts europarrak 2022ko bigarren erditik aurrera hasiko direla gauzatzen eta eragina izango dutela.