Euskadiko ondasunen esportazioak %29,9 hazi ziren urtarrilean

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioak 2.241,1 milioi eurokoak izan ziren joan den urtarrilean, aurreko urteko hilabete berean baino %29,9 handiagoak.

Horrela, serie historikoan esportazio bolumen handieneko urtarrila izan da 2022koa, Eustat euskal estatistika erakundeak jasotako datuen arabera. Esportazioen artean, gai energetikoena nabarmen hazi zen (%131,6), nahiz eta esportatutakoaren guztizkoaren %7,4 baino ez izan.

Era berean, gai ez-energetikoen esportazioak hazkunde handia izan zuen, %25,5ekoa. Bestalde, inportazioak 2.012,8 milioi eurokoak izan ziren, 2021eko urtarrilekoak baino %47,8 gehiago, batik bat gai energetikoen %62,3ko eta gai ez-energetikoen %44,1eko igoeren ondorioz.

Horrenbestez, EAEko merkataritza saldoa positiboa izan zen urtarrilean, 228,4 milioi eurokoa, eta %111,3ko estaldura tasa sortu zuen, 2021eko urtarrilean erregistratutakoa baino %15,3 puntu txikiagoa.

Alemania, Frantzia, Amerikako Estatu Batuak, Herbehereak eta Erresuma Batua izan ziren urtarrilean EAEren bezero nagusiak, esportazioen balioaren %53 bildu baitzuten. Horietako hiru EB-27ko kideak dira, eta esparru horrek bildu zituen EAEko esportazioen %65,5.

Herrialde hornitzaile nagusiak hauek izan ziren: Alemania (286,4 milioi), Frantzia (193,8 milioi), Txina (182,6 milioi), Errusia (136,7 milioi) eta Erresuma Batua (109,2 milioi). Amerikako Estatu Batuekin batera (102,4 milioi), inportatutako guztiaren %50,2 bildu zuten.

LURRALDEAK

Bestalde, lurraldeka, urtarrilean Bizkaiko esportazio jarduera nabarmendu zen: urte batetik bestera %34,3ko igoerarekin, ondasunen salmentan nagusi izan zen, 900,3 milioi eurorainoko salmentekin. Arlo hauen ondorioz hazi ziren esportazioak: metalak eta haien manufakturak (%32), produktu mineralak eta energetikoak (%122,9) eta material elektrikoa (%10,1).

Araban, hazkundea antzekoa izan zen, %33,4koa (736,2 milioi), arlo hauen igoeraren ondorioz: garraio materiala (%32,7), metalak eta haien manufakturak (%63,3) eta plastikoak eta kautxua (%16,8). Gipuzkoan, %20,3ko hazkundea (604,6 milioiko esportazioa) arlo hauen igoeraren ondoriozkoa izan zen: material elektrikoa (%25,0) eta metalak eta haien manufakturak (%34,8); aitzitik, garraio materialeko esportazioek %13,8 egin zuten behera.

Inportazioei dagokienez, Bizkaian %54,3 egin zuten gora eta 1.167,9 milioi euroko balioa zuten ondasunak inportatu ziren, batez ere produktu mineralak eta energetikoak (%62,1 eta aurreko urtean baino 175,6 milioi gehiago), metalak eta haien manufakturak (%58,1) eta produktu kimikoak (%169,5).

Araban 440,2 milioi euroko inportazioak egin ziren, %50,5eko igoerarekin. Arabako igoera hiru arlotako inportazioaren emaitzazkoa izan zen batik bat: metalak eta haien manufakturak (%118,5), material eta ekipamendu elektrikoa (%41,3) eta garraio materiala (%28).

Azkenik, Gipuzkoak joan den urteko hil berean baino % 29,5 gehiago inportatu zuen urtarrilean, eta 404,7 milioi euroko ekarpena egin zion EAEko inportazioaren zenbatekoari. Metalak eta haien manufakturak (%58,6), material elektrikoa (%19,5) eta garraio materiala (%7,9) izan ziren hiru arlo inportatzaile nagusiak.