Euskal esportazioek errekorrak gainditu dituzte eta % 29,9 gehitu dira

2021ean, Euskal AEk Errusiatik egindako inportazioak petrolio-produktuen edo petrolioaren eratorrien arlokoak izan ziren batik bat, eta Ukrainaren kasuan ekilore-olio eta burdinaren eta altzairuaren galdaketaren arlokoak

Euskal AEko ondasunen esportazioak (2.241,1 milioi euro) % 29,9 hazi ziren 2022ko urtarrilean, aurreko urteko hilabete beraren aldean. Horrela, Eustatek jasotako datuen arabera, serie historikoan esportazio-bolumen handieneko urtarrila izan da.

Esportazioen artean, gai energetikoen esportazioa nabarmen hazi zen (% 131,6), nahiz eta esportatutakoaren guztizkoaren % 7,4 baino ez den. Era berean, gai ez-energetikoen esportazioak hazkunde handia izan zuen, % 25,5ekoa.

Bestalde, inportazioak (2.012,8 milioi) % 47,8 hazi ziren, aurreko urtean kontabilizatutakoaren aldean, batik bat gai energetikoen % 62,3ko igoeraren eta gai ez-energetikoen % 44,1eko igoeraren ondorioz.

Horrenbestez, merkataritza-saldoa positiboa izan da (228,4 milioi) eta % 111,3ko estaldura-tasa sortzen du, 2021eko urtarrilean erregistratutakoa baino 15,3 puntu txikiagoa.

Aldi horretan, Bizkaiko esportazio-jarduera nabarmendu zen; izatez, urte batetik bestera % 34,3ko igoerarekin, nagusi da ondasunen salmentan —900,3 milioi eurorainoko salmentak izan ditu—.Hil horretan, Bizkaian, arlo hauen ondorioz hazi ziren esportazioak: “Metalak eta haien manufakturak” (% 32), “Produktu mineralak eta energetikoak” (% 122,9) eta “Material elektrikoa” (% 10,1).

Araban, hazkundea antzekoa izan zen, % 33,4koa (736,2 milioi). Lurralde horretan, hazkundea arlo hauen igoeraren ondoriozkoa izan zen: “Garraio-materiala” (% 32,7), “Metalak eta haien manufakturak” (% 63,3) eta “Plastikoak eta kautxua” (% 16,8).

Gipuzkoan, berriz, % 20,3ko hazkundea (604,6 milioiko esportazioa) arlo hauen igoeraren ondoriozkoa izan zen:  “Material elektrikoa” (% 25,0) eta “Metalak eta haien manufakturak” (% 34,8). Aitzitik, “Garraio-materiala” arloko esportazioek % 13,8 egin zuten behera.

Inportazioei dagokienez, Bizkaian % 54,3 egin zuen gora eta 1.167,9 milioi euroko balioa duten ondasunak inportatu zituen, batez ere “Produktu mineralak eta energetikoak” (% 62,1 eta aurreko urtean baino 175,6 milioi gehiago), “Metalak eta haien manufakturak” (% 58,1) eta “Produktu kimikoak” (% 169,5).

Arabak jarraitzen du, 440,2 milioi eurorekin eta % 50,5eko igoerarekin. Arabako igoera hiru arlotako inportazioaren emaitzazkoa da batik bat: “Metalak eta haien manufakturak” (% 118,5), “Material ete ekipamendu elektrikoa” (% 41,3) eta “Garraio-materiala” (% 28).

Azkenik, Gipuzkoak joan den urteko hil berean baino % 29,5 gehiago inportatu zuen, eta 404,7 milioi euroko ekarpena egin zion Euskal AEko inportazioaren zenbatekoari. “Metalak eta haien manufakturak” (% 58,6), “Material elektrikoa” (% 19,5) eta “Garraio-materiala” (% 7,9) arloak izan ziren hiru arlo inportatzaile nagusiak.

Euskal AEren osotasunerako jarduera-adar garrantzitsuenak aztertuta, eta esportazioei dagokienez, “Ibilgailu motordunen fabrikazioa” arloaren igoera nabarmentzen da (% 27,0), batez ere Araban (% 34); izatez, aurreko urteko datuen aldean dagoen 123,8 milioi euroko igoeratik, 114,8 milioi euro lurralde horri dagozkio; Gipuzkoan ere datu positiboak erregistratu dira, 9,1 milioi euro gehiagorekin (% 14,1).

“Kokeriak eta petrolio-fintzeak” arloan igoera oso handia izan da (% 130,4), eta igoera hori Bizkaian metatzen da, lurralde horrek 164,5 milioi euroko esportazioa egin baitu.

“Siderurgia” arloarekin lotzen diren produktuak 92,7 milioi eurotan hazi dira 2021eko hil beraren aldean. Hazkunde hori oso modu parekatuan banatzen da hiru lurraldeen artean: Arabak 30,9 milioi gehiago esportatu ditu, Bizkaiak 30 milioi gehiago eta Gipuzkoak 31,8 milioi gehiago.

Era berean, Gipuzkoan nabarmen egin du gora “Erabilera orokorreko materiala” arloak, 124,2 milioi euroko esportazioekin —Euskal AEren osotasunean adar horrek izan duen % 19,0ko igoerari ekarpen erabakigarria egiten dio Gipuzkoak—.

Inportazioei dagokienez, aditzera eman behar da adarrik garrantzitsuena, “Erauzketa- eta petrolio-industriak”, % 48,1 hazi dela; bigarren garrantzitsuena, “Produktu siderurgikoak”, % 103 hazi dela; eta hilabete honetan hirugarren garrantzitsuena, “Ibilgailu motordunen fabrikazioa”, % 39,6 hazi dela. Era berean, oso igoera handia izan du “Pintura eta bestelako azken kimika” jarduera-adarrak (% 170,0), ia osorik Bizkaian, 97 milioi euro inportatu baitira.

Partidarik garrantzitsuenak

Xehetasunetara jaitsiz, esportazioen urtetik urterako hazkunderik handienak arlo hauetan izan dira: “Petrolioaren olio finduak” (% 126,2 eta 85 milioi euro gehiago), “Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilak” (% 85,2 eta 25,3 milioi gehiago) eta “Animalia- edo landare-jatorriko koipeak eta olioak, industria-erabilera teknikorako” (122,9%) —igoera, osorik, Bizkaiko lurraldeari zor zaio—.

Era berean, automobilgintzaren sektorearen barruan sartzen diren produktuen esportazioak nabarmen hazi dira, eta horien artean nabarmentzen dira “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (% 24,1 eta 44,5 milioi gehiago), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (% 25,8 eta 35,9 milioi gehiago), “Automobilentzako zati eta osagarriak” (% 27,5 eta 35,1 milioi) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (% 23,1 eta 18,6 milioi euro gehiago). Sektore horren barruan nabarmentzekoa da, halaber, “10 pertsona edo gehiago, gidaria barne, garraiatzeko automobilak” (% 136,7) —Gipuzkoatik 10,8 milioi euroko esportazioa—.Aitzitik, behera egin du “Burdinbide edo antzekoetarako ibilgailuen parteak” adarra (-% 61,4).

Urtarrilean, “Petrolioaren edo mineral bituminosoen olio gordinak” arloko inportazioak % 17 jaitsi dira tonatan, baina % 37,5 igo dira eurotan. Antzeko zerbait gertatzen da “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” arloarekin, 42,8 milioi euroko erosketak egin ziren eta % 312,6 hazi zen eurotan; edonola ere, ez du inolako aldaketarik pisuan. Nabarmentzekoa da, halaber, “Petrolioaren olio finduak” arloan izandako igoera, bai eurotan (% 184,2), bai tonatan (% 77,2) —arlo horretan inportatutakoak 62,4 milioi euroko balioa izan zuen— eta “Biodiesela eta haren nahasteak” arloan izandako igoera, 2022ko urtarrilean 41,3 milioiko inportazioa.

Aitzitik, beherakadak izan dira “Aluminio, gordinean” partidan (-% 9,9) eta “Soja-babak, baita hautsiak ere” partidan (-% 49,5).

2022ko urtarrilean, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Herbehereak eta Erresuma Batua) izan ziren Euskal AEren bezero nagusiak, esportazioen balioaren erdia baino gehiago bildu baitzuten, % 53 hain zuzen ere. Horietako hiru EB-27ko kideak dira, eta esparru horrek biltzen ditu Euskal AEko esportazioen % 65,5.

Herrialde hornitzaile nagusiak hauek izan dira: Alemania (286,4 milioi), Frantzia (193,8 milioi), Txina (182,6 milioi), Errusia (136,7 milioi) eta Erresuma Batua (109,2 milioi). Ameriketako Estatu Batuekin batera (102,4 milioi), inportatutako guztiaren % 50,2 biltzen dute.

2021EAN ERRUSIAREKIN IZANDAKO MERKATARITZA HARREMANAK

INPORTAZIOAK

2021. urtean, Errusiatik inportatutako ondasunak Euskal AEtik guztira inportatutakoaren % 6,5 izan ziren. 1992an, % 3,0 ziren, eta % 4 inguruko ehunekoan mantendu ziren 2002ra arte. Urte horretatik aurrera, % 10eraino hazten hasi ziren 2004an, eta 10 urtez mantendu ziren  % 15 inguru, edo % 15 baino pixka bat gehiago. 2014tik aurrera, ehuneko hori jaisten hasi zen, eta bi digituak galdu zituen.

Errusiako inportazioak dibertsitate urrikoak izan dira —hori dute bereizgarri—, eta muga-zergen kapitulu hauetan bildu dira beti:

a) “Petrolio-produktuak” (2021ean inportatutako guztiaren % 85,8); ia beti % 50 baino gehiago izan dira, eta 2005ean jada % 80 baino gehiago izan ziren. Hortik aurrera, maila horretan mantendu da, 2015., 2017. eta 2018. urteetan izan ezik.

Kapitulu horren barruan, eta muga-zergen partiden xehetasunari erreparatuta, adierazi behar da inportazio-sailkapeneko lehenengo hiru posizioak kapitulu horretako partidek hartzen dituztela. Hala, lehenik eta behin, “Petrolioaren edo mineral bituminosoen olio gordinak” (701,6 milioi euro) agertzen dira, hau da, Espainiak herrialde horretatik inportatutako produktu horren guztizkoaren % 46,5, 1.647.374 tona; ondoren “Petrolioaren olio finduak” agertzen dira (364,5 milioi eta 865.503 tona), kasu horretan funtsean “Gasolioa” (240,4 milioi eta 500.755 tona) eta “Fuela” (124,1 milioi eta 364.747 tona). Hirugarren postuan dago “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak”, zehazki “Gas Naturala” (103,2 milioi eta 282,8 tona).

b) “Galdaketa, burdina eta altzairuzko produktuak” (2021ean % 6,5); ehuneko hori, urte askotan, % 10etik gorakoa izan da, eta, zehazki, 1994 eta 2005 bitartean, Errusiatik zetozen guztizko inportazioen % 14 baino gehiago izan dira.

Analisian sakonduz, ikus dezakegu kapitulu horretako partidarik garrantzitsuena dela “Burdinazko produktuak, purutasun handiko burdina eta burdina-mineralak zuzenean murriztuz lortuak, pusketan, pelletetan edo antzeko formetan” partida (28,5 milioi), eta, ondoren, “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarra” (21,0 milioi eta Espainiako guztizkoaren % 47,4 da) eta “Burdinurtu gordina eta ispilu-burdinurtua, lingoteetan, blokeetan edo gainerako forma primarioetan” (16,4 milioi eta Espainiako guztizkoaren % 100).

c) “Kautxua eta kautxuzko manufakturak” (2021ean % 3,2); zehazki, “Kautxu sintetikoa forma primarioetan edo plaketan, orrietan edo zerrendetan” (43,4 milioi eta Espainiako guztizkoaren % 88,6).

Muga-zergen hiru kapitulu horiez gain, eta garrantzi erlatiboari jarraikiz, aipatu behar dira “Aluminio gordineko” inportazioak (14,3 milioi) eta “Karbonoa —kezko beltzak eta beste karbono-forma batzuk—” inportazioak (13,2 milioi).

Euskal AEk oso protagonismo handia du zenbait produktutan, Errusiatik datozen Espainiako inportazio guztiekiko. Hala, gure autonomia-erkidegoak Espainiako produktu hauen inportazioaren % 90 baino gehiago biltzen du: “Gainerako altzairu aleatuen barrak eta profilak eta zulaketarako barra hutsak”, “Gainerako aleazio-altzairuen produktu ijeztu lauak, < 600 mm”, “Beira flotatua eta alde batetik edo bietatik arbastatutako edo leundutako beira, plakatan edo orritan, baina beste modu batean landu gabe”, “Soja-olioa”, “Korindoi artifiziala, aluminio hidroxidoa eta oxidoa”, “Berilioa, kadmioa, kromoa, germanioa, banadioa, galioa, hafnioa, indioa, niobioa, renioa, talioa eta horien hondakinak”. Bestalde, Euskal AEk “Titanioa eta haren manufakturak, hondakinak barne” arloko esportazioen % 73,8 hartzen ditu.

2021. urtean, Errusiara egindako ondasunen esportazioak Euskal AEk egindako esportazio guztien % 0,98 izan ziren. Esportazioetan ere dibertsitate urria da bereizgarri, 2021. urtean muga-zergen hiru kapitulu handitan bildu baitira:

a) “Automobilak” (2021ean esportatutako guztiaren % 35,9).

Esportazio-sailkapenaren lehen postuan, kapitulu horretako partida bat dago: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (76,8 milioi euro), hau da, produktu horren % 92,6 Euskal AEtik esportatzen da. Era berean, adierazgarria da “Automobilentzako zati eta osagarriak” atalari dagokiona (11,4 milioi).

b) “Makina, aparatu eta artefaktu mekanikoak eta horien zatiak” (2021ean % 27,9).

Kasu horretan, ikus daiteke hogeita bost partidarik garrantzitsuenen arteko hamaika kapitulu horretakoak direla; horien arteko nagusiena da “Metal-harroketa bidez lan egiten duten tornuak eta torneaketa-zentroak” (13,0 milioi, Espainiatik esportatutakoaren % 99,8), eta, gero, “Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” (11,3 milioi), “Jasotze-makinen edo -aparatuen zatiak, pilatzeko eskorgak, igogailuak, berdintzeko makinak, hondeamakinak, zulatzeko makinak…” (7,5 milioi), “Ontziak eta paketatzeko aparatuak garbitzeko, betetzeko, ixteko eta etiketatzeko makinak” (7,2 milioi) eta “Makina-erremintarako zati eta osagarriak” (5,9 milioi, Espainiako esportazioaren % 81,1), besteak beste.

c) “Kautxua eta kautxuzko manufakturak” (2021ean % 20,0)

Funtsean, “Kautxuzko pneumatiko berriak” dira (48,5 milioi), batez ere “Eraikuntzarako, meatzaritzako edo mantentze-lan industrialerako ibilgailuak eta makinak” (20,3 milioi) eta “Autobusak edo kamioiak” (14,6 milioi) erabiltzen dituztenak.

2021EAN UKRAINAREKIN IZANDAKO MERKATARITZA HARREMANAK

INPORTAZIOAK

2021. urtean, Ukrainatik egindako ondasunen inportazioak Euskal AEren inportazio guztien % 0,76 izan ziren. Ehuneko hori % 1etik beherakoa izan da beti, eta 2020an izan da handiena (% 0,85).

Ukrainako inportazioak, Errusiakoak bezalaxe, dibertsitate urrikoak izan dira —inportazio horiek hori dute bereizgarri—, eta muga-zergen bi kapitulu hauetan bildu dira beti:

a) “Animalia- edo landare-jatorriko koipeak eta olioak” (2021ean inportatutako guztiaren % 52,7). 2010etik inportatutakoaren % 50 baino gehiago izan da, 2013. eta 2018. urteetan izan ezik.

Kapitulu horren barruan eta muga-zergen partidei erreparatuta, inportazio osoa produktu mota bakar batean biltzen da: “Ekilore-olioa” (84,5 milioi euro), hau da, gure erkidegoak produktu horretatik inportatutako guztizkoaren % 80,9, guztira 74.601 tona.

b) “Galdaketa, burdina eta altzairuzko produktuak” (2021ean % 41,3); ehuneko hori, urte askotan, % 50etik gorakoa izan da, zehazki, 1994 eta 2000 bitartean.

Kapitulu horretako partida garrantzitsuenen artean daude “Burdinurtu gordina eta ispilu-burdinurtua, lingoteetan, blokeetan edo gainerako forma primarioetan” (30,7 milioi, Euskal AEk produktu horretan inportatutako guztizkoaren % 42,3 eta Espainiako guztizkoaren % 64,3), “Beroan ijeztutako produktu lauak, aleatu, txapatu edo estali gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, > 599 mm” (28,7 milioi) eta “Ferroaleazioak” (4,5 milioi).

Muga-zergen bi kapitulu horiek alde batera utzita, garrantzi erlatiboa eman behar diegu honako gai hauen inportazioei: “Soja-babak, baita hautsiak ere”, 3,6 milioi, hau da, Espainiako guztizkoaren % 100; “Zur txapatua, kontratxapatua edo estratifikatua” (2,0 milioi); “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdinazkoak edo altzairuzkoak” (1,5 milioi); eta “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko tarteko produktuak” (1,4 milioi), Espainiako guztizkoaren % 100 ere bai.

Euskal AEk metatzen du orain arte aipatu ez diren zenbait produktutan Espainiak Ukrainatik egindako inportazioen % 90 baino gehiago: “Burdinbide edo antzekoetarako ibilgailuen parteak”, “Prestatutako edo kontserbako tomateak”, “Bonbak, granadak, torpedoak, minak, misilak, kartutxoak eta gainerako munizioak, proiektilak eta horien zatiak”, “Industria kimikoko eta lotutako beste prestakin eta produktu batzuk”, “Ortopediako gaiak eta aparatuak”, “Ehundu gabeko oihala, estalia edo gainestalia, baita filamentu sintetikoz ere” eta “Karburoak, nahiz eta osaera kimiko definitukoak ez izan”.

ESPORTAZIOAK

2021. urtean, Ukrainara egindako ondasunen esportazioak Euskal AEk egindako esportazio guztien % 0,16 izan ziren. Ukrainarako esportazioetan dibertsitate urria ere da bereizgarri, 2021. urtean muga-zergen bi kapitulu handitan bildu baitira:

a) “Automobilak” (2021ean esportatutako guztiaren % 29,0).

Muga-zergen partiden sailkapeneko lehen postuan, Errusiaren kasuan bezalaxe, “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” daude (8,9 milioi euro). Kapitulu horren barruan daude “Automobilentzako zati eta osagarriak” (1,7 milioi), “Motorrik gabeko bizikletak eta gainerako belozipedoak” (0,6 milioi euro) eta “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (0,5 milioi).

b) “Makina, aparatu eta artefaktu mekanikoak eta horien zatiak” (2021ean % 26,1).

Partiden xehetasunetara joz gero, ikusiko dugu Ukrainara esportatutako hogeita bost partidarik garrantzitsuenetako zortzi kapitulu horretakoak direla, nagusienak dira: “Nekazaritzako, baratzeko edo basogintzako makinak eta artefaktuak, lurzorua prestatzekoak edo laborantzarakoak” (2,7 milioi), “Ontziak eta paketatzeko aparatuak garbitzeko, betetzeko, ixteko eta etiketatzeko makinak” (2,0 milioi), eta “Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako” (1,1 milioi).

Ukrainako esportazioen sailkapenean, aipatutakoez gain, honako produktu hauek ere aipatu beharko dira: “Kautxuzko pneumatiko berriak” (3,2 milioi), “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdinazkoak edo altzairuzkoak” (3,0 milioi, hau da, produktu horretatik Estatuan esportatzen denaren % 100), “Bonbak, granadak, torpedoak, minak, misilak, kartutxoak eta gainerako munizioak, proiektilak eta horien zatiak” (2,0 milioi eta Espainiako guztizkoaren % 99,2 milioi).